Etxepare Lizeoarekin bat eginda antolatu du egitaraua aurten Orereta IKastolak.
Orereta Ikastolan atzo egindako agerraldian, ikasle, irakasle eta Etxepare Lizeoko ordezkariak. Argazkia: Orereta Ikastola
Orereta Ikastolak ekainaren 4an ospatuko du bere eguna, eta aurten egunaren prestaketak izan du berezitasunik, Etxepare Lizeoarekin bat eginda antolatu dute egitaraua. Ikastolaren jairako ikasleak ikuskizunak prestatzen ari direla esan zuten atzo Añabitarten egindako agerraldian ordezkariek, eta Esmalterian egingo duten bazkarirako txartelak salgai direla dagoeneko jakinarazi zuten, bestalde. Horiek ikastolaren bulegoan eros daitezke jada, 12 euroan helduenak, eta 8 euroan haurrenak.
Orereta Ikastola eta Etxepare Lizeoaren arteko elkarlanaren berri eman zuten segidan. Seaska sareko Bernat Etxepare Lizeoak aurtengo irailean zabalduko du egoitza berria. 400 ikaslerentzat izango du lekua, eta 144 kiderentzat barnetegia. Eraikinaren barrualdea atontzeko ardura Bernat Etxepare elkarteak hartu du bere gain, eta gelak, jangela, kirol gunea eta barnetegirako beharko duten materiala erosteko 300.000 euro beharko dituela aurreikusi du elkarteak. Horren harira,
Hazten gaitu, hazten dugu kanpaina abiatu dute eta ekainaren 4an proiektua lagundu nahi duten herritarrek aukera izango dute Esmalterian. Txokoa prestatuko dute plazan bertan, 16:00etatik 19:00etara eta bertan diruz laguntzeko aukera izango da.
Diru babesaren truke, kanpainarekin bat egin dutenek sagarrondo bat jasotzeko aukera izango dute abendan.
Ikaskidetza eta buruhandiak
Ekainean bertan, 2, 3 eta 4an zehazki, erakusketa zabalduko du bestalde, Orereta Ikastolak. Ikasturtean zehar Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. Mailako ikasleek sortutako 64 buruhandi ikusteko aukera izango dute Reina aretora 17:00etatik 19:00etara hurbiltzen direnek. Gainera, erakusketa antolatu duten hiru egunetan, buruhandi festa egingo dute 18:00etatik 18:30era Esmalteria plazan. Erakusketan, buruhandiekin batera, bakoitzaren fitxa teknikoa, prozesua erakusten duten argazkiekin panelak, eta ikaskidetzaren filosofia iruditan ikusteko aukera izango da.
Orereta Ikastolak guraso, ikasle eta langile guztiak deitu ditu jaian parte hartzera.
Hitzaldia
Aurretik aipatutakoak ez dira baina, Orereta Ikastolak antolatu dituen bakarrak. Hitzaldia ere egingo dute hilaren 30ean (asteartea). Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak eta Bernat Etxepare Lizeoko irakasle Ihintza Ostolazak Ipar Euskal Herrian euskarak dituen erronkataz mintzatuko dira. Orereta Ikastolaren Linoko egoitzan izango da hori 20:00etatik 21:00etara.