Ametsen Bidea egiteko eguna izan zen larunbatekoa. Emozioz beteriko eguna izan zen, intentsitate handiko uneak bizi izan ziren gaixorik dauden haurren alde.
Arkaitz Erice eta Asier Larrea, Lezora iritsi zirenean.
Ametsen Bidearen eguna izan zen larunbatekoa. Elkartasun egun handia. Arkaitz Ericek eta Asier Larreak gora eta behera herrialde osoaren kostaldea zeharkatu zuten alderik alde, ondoan, beti, laguntzaileak izan zituztela. Lezon, bien bitartean, jaia egin zuten arratsaldez. Jakina da egunean egin zenaren helburua Super Hache elkartea laguntzea zela, Donostiako Ospitaleko Ama-Haurren saila humanizatzeko bidean. Eta horretarako funtsezko lana egin zuten Juneren Hegoak eta Markelen Irria taldeko kideek. Saldise plaza izan zen egunaren epizentroa.
Hirugarrenez egin zuen kirol erronka solidarioa Ericek. Larunbatean, ondoan izan zuen Asier Larrea. Harro bukatu zuten biek ibilbidea, nekatuta, baina harro eta pozik. Lezora iritsi zirenerako ederra zegoen antolatua bertan, giroa pil-pilean. Bi kirolarien unerik ederrenak izan ziren Pasaiako badia inguruko traineruekin zeharkatu zutenekoa, eta Donostiako Ospitaleko Ama-Haurren saila bisitatu zutenekoa. Beste bide guztia bai, ederra eta gogorra izan zen, baina une hunkigarriak bi horiek, eta bukaera Lezon.
Lezoko festan ehunka herritar bildu ziren. Bakoitzak bere erara bizi izan zuen jaialdia. Denetik izan zen, baina aipatzekoak, gaueko kontzertuak, Maider Zabalegi eta Oscar Portuguesenak. Eguna biribiltzeko oso egokiak.
Bidea egin zuten, baina ametsak jarraitzen du. Gaixorik dauden haurrentzako irribarre handiagoak eraikitzea da ametsa.
Ondokoak, larunbatekoaren argazki batzuk dira.