Egoera ekonomiko larria bizi du Sanpedrotarra Arraun Elkarteak eta laguntza eskatu die zaleei. Uretan, Eusko Label Ligan jarraitzeko ahalegina egingo du.
‘Libia’ ontzia, iazko Kontxako sailkapen estropadan.
Ez ditu garai onenak bizi Sanpedrotarra Arraun Elkarteak. Azken bi urteetan babesle nagusiak galdu ditu, eta egoera ekonomiko larrian dago kluba. Zaleei laguntza eskatu diete, proiektuarekin jarraitzeko ezinbesteko duten laguntza. Bitartean, beste urtebetez elitean lehiatuko da Libia trainerua. Azkenaldian, konpetentzia itzela sortu zaio Ulia mendiaren beste aldetik, eta aurreko urteetan gehiago izan dira joan zaizkion arraunlariak, B ontzitik igo dituenak baino.
Zailtasunak zailtasun, Libia TKEren ligan denbora gehien daraman hirugarren ontzia da, Bou Bizkaia-ren eta Ama Guadalupekoa-ren atzetik, eta horrela izaten jarraitu nahi dute. Hori da Antxon Corman presidenteak udako denboraldiari eskatzen diona. Igandean Lekeitioko Banderan gertatutakoa ikusita, itxaropentsu dago kirol erronkarekin: «Lekeition ondo ibili ginen. Kontuan izanik Kaiku, Zierbena eta Hondarribiarekin egin genuela txanda, pozik bukatu genuen. Gure kalea Hondarribiarena baino pixka bat hobea zen, baina hala ere, Hondarribitik bost segundora bukatzea pozgarria izan zen. Sentsazioak onak dira, ez dago joan den urtean bezala talde titular bat, iaz baino arraunlari gehiagorekin probatzen ari gara, eta aldaketak ez dira nabaritzen ari».
Arraun elkartearen diruzaintzari buruz galdetzen zaionean, aldiz, aurpegia aldatzen zaio: «Joan den urtean ja babesle nagusirik gabe ibili ginen, baina halere, bukatu genuen. Eta aurten beste babesle garrantzitsu bat galdu dugu, Mendiola aroztegia, urte pila bat zeraman gurekin, eta itxi egin du».
Soluzio bila kalera atera dira, eta laguntzaile kanpaina abiatu dute herrian, ez bakarrik elkarteko bazkideen artean, baita ez direnen artean ere. Baina zaila dela onartzen du Cormanek: «Poliki-poliki ari gara, produktua saldu egin behar da. Jendearen atzetik joan behar zara, baina tantaka ari dira etortzen. Elkarteko sozio egitea baino askoz merkeago da 50 euro ordaintzea —hori da kanpainan eskatzen dutena—, askorentzat errazagoa da horrela laguntzea, eta guretzat ere laguntza ona da».
Mantentzea helburu
Uztailaren 1ean hasiko da Eusko Label Liga, Bilboko VIII. Banderarekin, eta lehiatuko diren hamabi traineruetako bat izango da San Pedroko ontzi morea. Presidentearen hitzetan, helburu nagusi bat izango dute aurten, mailari eustea: «Urteroko helburu bera dugu, TKEn jarraitzea. Urdaibai eta Hondarribia kenduta, zaharrenak gara kategorian, eta helburu nagusia horrela segitzea da. Jarraitu eta gero ahalik eta hoberen ibiltzea, baina zaila da, hiru taldez aparte berdintasun handia dagoelako. Esfortzu handia egin behar da TKEra iristeko, eta lehen helburua hori izan behar da, mantentzea».
Antxon Corman
«Joan den urtean ja babesle nagusirik gabe geratu ginen, baina bukatu genuen»
«Trainerua uretan ikusteko urte guztian egin behar da lana,
eta beti ez da erraza»
Antxon Corman
Gehiago eskatuta, Libia bigarren txandan lehiatzen ikusi nahiko luke Cormanek: «Bigarren txandan finkatzea ez da gauza txarra, gure potentzialarekin ona izango litzateke hor egotea». Baina horretarako ezinbestekoa da lehen estropadetan ondo ibiltzea, eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteko presidenteak badaki hori besteek ere bilatzen dutela: «Kategorian finkatzea helburu dugun guztiok hasieran ematen dugu daukagun %80tik gora, lehenengo puntuak bermatzeko». Hori lortzen ez duenak, ondo hasten ez denak, atzetik aurrera egin beharko du, eta inork ez dio baimenik emango. Salbazioa da xedea, eta ahalik eta azkarren lortu, ahalik eta aukera gehiago izango du San Pedrok ligaz kanpoko beste helburuetan pentsatzeko.
Harrobiko taldea da sanpedrotarra, eta aurrera begira bigarren ontzian du esperantza. Iaz mailaz jaitsi ziren, KAE2ra, baina helburua formazioa dela deritzo presidenteak, eta «ondo, kontent samar» ari direla aitortu du: «Formaziorako taldea da, jendea gustura egotea da helburua, eta arrauna maitatzea, konfiantza hartzea, eta ahalik eta aukera gehien ematea lehen traineruarekin estropadaren bat egiteko. Gure potentziala bigarren taldea da, eta lehen ontzira iritsi daitezkeela, esperantza hori edukitzea, oso garrantzitsua da».
Azken urteetan bigarren ontzitik lehenera arraunlari gehien igo dituen klubetako bat da San Pedro. «Batzuetan behartuta izaten da —kexu da Corman—, ondo dabiltzanetan baten bat fijatzen bada, dirua eskaintzen diote eta joaten zaigu. Ez da gure gustuko praktika, baina horrela da, eta ezin dugu ezer ere egin». Zehazki, Donostiarrarekin kritiko azaldu da Corman, «orain dela lau urteko gure trainerutik sei arraunlari dituzte». Nabarmendu duenez, Gipuzkoako klubek beste filosofia bat izan dute beti, «diruarekin traineruak osatzearen kontrakoak». Eta abisua eman du, dirua iristen den bezala joan egiten dela, «eta hori gertatzen denean, azpian ez badago ezer, desagertzen da. Hor dago Castroren adibidea».
Jende gaztea erakarri, zaindu, eta aukerak eman, hori da Sanpedrotarra Arraun Elkartearen filosofia. Ekonomikoki garai zailak bizi ditu, kirol arloari dagokionez hobeak izan ditu, baina maila gorenean dago, eta horri eutsi nahi dio. Horretarako, zaleei «positibo izateko» eskatu die presidenteak: «Aurreko urtean nahiko lasai izan ginen, baina duela bi-hiru ez hainbeste. Trainerua uretan ikusteko neguan eta urte guztian egin behar da lana. Klubaren egoera oso txarra da, eta jende guztiaren laguntza behar da aurrera egiteko».
Mikel Arostegi, San Pedroko entrenatzailea
«Aurtengo denboraldian dugun helburua bi atzean uztea izango da»
Mikel Arostegi.
Mikel Arostegik (Orio, 1984) bigarren denboraldia izango du San Pedroko entrenatzaile bezala. 2011n hasi zen klubean, arraunlari bezala, eta iaz hartu zuen Aitor Balda ordezteko ardura. Arraunlari lanetan ere ariko da.
Oriotarrak prestatzen duen eskifaia hamargarren postuan sailkatu zen pasa den denboraldian San Miguel Ligan, maila mantentzea lortuz.
Iaz hamargarren gelditu zineten liga nagusian, jaitsi ziren bi taldeen gainetik. Zein izango da aurtengo Eusko Label Liga denboraldiko helburua?
Aurten gure helburua, nagusia behintzat, bi atzean uztea izango da. Pasa den urteko gerraren antzekoa izango da aurtengo denboraldikoa.
Hainbat mugimendu egon dira taldean. Nola eragin dute fitxaketek? Bajen eragina handia izan al da?
Iaztik aurtengo denboraldirako zazpi baja eduki ditugu. Jendez nahiko justu ibiltzen gara, eta horregatik egin ditugu fitxaketak, zuloak tapatzeko. Batzuk kanpotik etorritakoak dira, eta beste batzuk bigarren ontzitik igo ditugu.
Igandean Lekeitioko III. Bandera lehiatu zenuten. Estropada horretan laugarren postuan bukatu zenuten.Zein sentsaziorekin geratu zarete?
Gure estropada nahiko txukun atera zen. Itsaso txarra zegoen, baina gustura geratu ginen egindako estropadarekin. Test ona izan zen. Lehenengo estropada Ondarroan egin genuen, eta ordutik hona lau aldaketa egin nituen. Pixka bat ikusten ari naiz nola dauden: oraindik ez ditut fin-fin jarri, baina pixka bat soltatzen hasi dira arraunlariak.
Lehengo urtetik aurtengora, talde erdia falta dudanez, zerotik hastea bezalakoa izango litzateke. Gainera, nire bigarren urtea da entrenatzaile bezala, eta ikasten ari naiz ere. Neguko estropadetan gauzak probatzen aritu gara, eta nahiko ongi joan zaizkigu.
Zein beste trainerurekin borrokatuko zarete maila mantentzeagatik?
Arerio izan daitezke Ondarroa, Astillero, San Juan ez dakit nola ibiliko den aurtengo denboraldian… Baina horiek nire usteak dira, noski. Ea nola joaten den denboraldia.
Ramon Erostarbe, San Pedro Bko entrenatzailea
«Lehenengo sei postuetan sartzen bagara, pozik egongo gara»
Ramon Erostarbe
Ramon Erostarbek (San Pedro, 1966) ere bigarren urtea izango du entrenatzaile moduan. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza klubari lotuta. Iaz KAE1etik bigarren mailara jaitsi ziren sanpedrotarrak.
KAE2 Ligan ibiliko zarete. Zein izango da San Pedro klubaren bigarren traineruaren aurtengo helburua: mailaz igotzea, aurrealdean egotea?
Gure helburua aurten KAE2 Ligan mantentzea izango da. Jende pila bat gaude: hemezortzi edo hemeretzi arraunlari daude trainerua osatzeko. Jende oso gaztea dago, eta asmoa da uretara ateratzea eta ongi ibiltzea. Hori egin nahi dugu.
Aurtengo denboraldian KAE1era igotzeko aukerarik ikusten al duzu?
Egia esan behar baldin badut, oso zaila izango da mailaz igotzea guretzat. Badaude igotzeko eginda dauden traineruak. Ipar Euskal Herrikoa (Lapurdi trainerua) ongi dabil, eta beste asko ere ongi ibiliko dira: Donostiarra B; San Juan B; Hibaika ez dakit nola ibiliko den; Santoña ere hor dago… Zaila izango da guretzat astero-astero aurrean ibiltzea.
Estropadetako bigarren txandarako sailkatzen bagara, lehenengo bost edo seiren artean, pozik egongo gara.
Hobeto al da goiko maila batean —KAE1en, zuen kasuan— atzealdean egotea, beheko maila batean aurrean egotea baino?
Bada ez pentsa… Iaz, KAE Liga osoan, Gazte Mailako hamabi arraunlari izena emanda. Horietatik guztietatik sei arraunlari, eta patroia, gure San Pedro Bkoak ziren.
Gure jendea oso pozik aritu zen arraunean, giro oso ona genuen, baina oso zaila zen:?KAE1en lehen mailara igotzeko ontziak daude, eta guk ezin dugu lehiatu. Aurten ere borroka pila bat egongo da hor. Guretzako KAE2 ongi dago: arraunlariak egin eta egin, lehenengo ontzira, Libia-ra, igotzeko.
Beraz, zuen helburua arraunlariak formatzea da.
Bai, bai. Gure lana harrobia lantzea da. Hori da guretzeko garrantzitsuena.