Goiko plazako kioskoa bota dute. Goizean goiz egin dute, 06:00etan, eta auzolanean hura konpontzen ari ziren gazteak heldu direnerako eraitsia zegoen.
Gaur 06:00eta eraitsi dute Goiko plazako kioskoa.
Goiko plazako kioskoa bota dute. Goizean goiz egin dute, 06:00etan, eta auzolanean hura konpontzen ari ziren gazteak heldu direnerako eraitsia zegoen. Atzo jakinarazi zuten kioskoa konpontzen ari diren gazteek, jakinarazpen ofizialik ez bazegoen ere, alkateak hura botatzeko agindua emana zuela “ahalik eta azkarren”. Atzo bertan, alkatearekin biltzeko asmotan jo zuten udalera, baina eskaera egin behar zutela erantzun zieten: “Eskaera egin dugu, hemen dugu gaur erregistratzeko asmoarekin, baina zer zentzu du hori esateak baldin bazekiten gaur goizean botako zutela”.
Une honetan Goiko plazan daude gazteak, eta egun osoan zehar bertan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Kioskoa bota badute ere, alkatearekin bilera eskatzeko egin duten eskaera udal erregistrora eramango dute goizean bertan: “Azalpenen bat merezi dugula uste dugu”. Arratsaldean berriz elkarretaratzea deitu dute 20:00etan Gurutze Santuaren plazan, eta ordu erdi beranduago batzarra egingo dute.
Txosten teknikoa
Udalak egindako jakinarazpenean eraikina ez zegoela egoera onean dio, eta bertan dabiltzanen segurtasuna bermatzerik ez dagoela, eta horrenbestez, alkateak kioskoa eraisteko agindua eman duela. Jakinarazpen horrek atzoko data dauka. Udal arkitektoak egindako txosten teknikoak kioskoa ez zegoela egoera onean eta ezin zela segurtasuna bermatu dio.