Gaur eguerdian aurkeztu ditu Pasaia Donibane Koxtapek larunbatean lehiatuko diren bi estropadak.
Femegu Banderak lehiatuko dira larunbatean Pasaian, Pasai Donibane Koxtapek antolatutako estropadan.
Arraunak Pasaian du zita asteburuan. Pasai Donibane Koxtapek antolatuta, bi bandera lehiatuko dira larunbatean badian; emakumeen eta gizonen Fegemu Banderak. Biak aurkeztu dituzte gaur eguerdian, Koxtaperen egoitzan, babesleak bertan zirela.
Aurkezpenean Endika Perezek eman ditu estropaden gaineko zehetasunak. Emakumeen estropada erlojupean lehiatuko dela aurreratu du, binaka. Bi ziaboga eta hiru luze egingo dituzte emakumeen traineruek. Guztira, hamar traineruk parte hartuko dute, Gipuzkoako Ligan ari diren denak. Izan ere, emakumeen estropada, gizonean ez bezala, puntuagarria izango da, Ligako bigarrena. 17:30ean hasiko da.
Emakumeen ondoren uretaratuko dira gizonak. Estropada ez da Ligaren barrukoa -uztailaren 1ean hasiko da Eusko Label Liga, Bilbon-, baina arraunaren ohorezko mailan ariko diren hamar ontzi lehian ikusteko aukera egongo da. Lau ziabogako estropadak izango dira, binakako hiru erlojupeko txandatan. Lehenik Astillero eta San Pedro lehiatuko dira, ondoren, Orio eta Hondarribia eta azkenik Urdaibai eta San Juan.
Traineruen aurkezpena, eta kromo bilduma
Estropada bukatuta, Santiago plazan, eta festetako testuinguruan, Pasai Donibane Koxtapek aurtengo traineruan aurkezpena egingo du. Denda ere jarriko dute plazan, aurtengo materiala saltzeko, eta berritasunak ere izango dira, tartean, arraunlarien kromo albuma. Klubeko kirolari denen kromoak atera ditu Koxtepek aurtengo denboraldirako, infantiletatik hasi eta senior mailaraino, neskena zein mutilena, guztira, 150 kromo inguru.
Interesdunek larunbatean izango dute albuma zein kromoak erosteko aukera, eta hortik aurrera Donibaneko ohiko saltokietan egongo dira eskuragarri.