Agintaldiaren erdira 2015ean hartutako konpromisoen %73 beteta edo betetzear heldu da udala. Etorkizunerako erronkak ere aurkeztu dituzte.
Gobernu taldeak 2019 Helburu kudeaketa plana aurkeztu du.
Agintaldiaren erdia gaindituta, orain arteko bidearen gaineko balantzea egin du udal gobernu taldeak, eta etorkizunerako erronkak aurkeztu. Xenpelar Etxean egin dute agerraldia Julen Mendoza alkateak eta EH Bilduko eta Errenteria Irabaziz alderdietako zinegotziek. Balorazio, “positiboa” egin du Mendozak, eta hori baieztatzeko udalak 2015ean hartutako konpromisoen %73 betea edo betetze bidean dela esan du.
Etorkizunari begira, berriz, “antolaketa eredu berria, modernoa eta eraginkorra” izango den 2019 Helburu kudeaketa plana aurkeztu du. Plan horrek, 2015-2019 agintaldiko planaren proiektu eta interbentzioak jasotzen ditu hiru arlotan antolatuta: Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea. 2019 helburu, tresna garrantzitsua dela esan du Mendozak, “errekurtsoak kudeatu, koordinazioa handitu eta udalak zein plan estrategikoak zehaztutako helburuak lortzeko bidean”.
Agintaldiko iniziatiba guztiak hiru arlo handitan banatuta egotea udalak abiatu duen “antolakuntza eredu berriarekin” duela zerikusia erantsi du alkateak, “antolaketa eredu berri, moderno eta herritarrengandik hurbilagoa hilabeteetako lanaren ondorio da”. Egindako lan horri esker, udalak 13 miloi euro baino gehiagoko inbertsioa egin duela agintaldiaren lehen bi urteetan gaineratu du, “inbertsio horiek proiektu garrantzitsuetan, pertsona eta beren beharretan egin ditu udalak, herria eraldatzeko eta herritarren bizitza kalitatea hobetzeko”. Aurten, 11 miloi baina gehiagoko inbertsioak egin dituzte kudeaketa berriari esker. “Kontuan izanda 2015ean udalak hartutako konpromisoen betetze maila altua, egindako inbertsioak eta egingo direnak agintaldia programa beteko dela aurreikusten dugu, eta kontuak modu onean izango dira hurrengo urteei beharrezko bermeekin ekiteko”, esan du Mendozak.
2019 Helburu, herritarren eskura
Gaur aurkeztu duten kudeaketa plana “gardentasun ariketa” da Mendozaren esanetan, “antolaketa berria zer den azaltzen du, arlo bakoitzaren azalpenak ematen ditu, eta ekintza bakoitzaren aurrekontua eta kronograma ditu. Udalaren inguruan egin daitekeen ariketarik gardenena da”. Plana bera, herritarren eskura jarri du gobernu taldeak, “gardentasuna eta gobernantza eredu berriekin dugun konpromisoagatik”. Dokumentua udalaren web orrian,
Herri Bizian eta gardentasun atarian izango da eskuragarri.
2019-helburu-kudeaketa-plana