Errauste plantaren aurka astebeteko gose greba egin dute Aran Garmendiak, Kepa Olaizek eta Mila Zabalok. Lehenengo harria jarri badute ere, proiektua gelditzea dagoela sinistuta daude.
Aran Garmendia, Kepa Olaiz eta Mila Zabalo.
“Gelditzea dago». Errauste planta bertan behera uztea dagoela sinistuta daude Aran Garmendia oreretarra, Kepa Olaiz oiartzuarra eta Mila Zabalo lezoarra. Horrek eraman ditu astebeteko gose greba egitera Donostiako Easo plazan, beste hiru lagunekin batera: errauste planta gelditzeko asmoak, jendea sentsibilizatzearen beharrak, eta errauste planta «inposatu»nahi duten politikariak presionatzeko gogoak. Gose greban zirela elkarrizketatu zituen Oarso Bidasoko Hitzak-k [astelehenean], eta asteazkenean amaitu zuten protesta.
Errausketaren aurka dagoelako egin du gose greba Zabalok, «errauste planta ez da gure hondakinei irtenbidea emateko modu egokia, kutsakorra da, ama lurraren kontra doa, baita gure osasunaren kontra ere». Iritzi berekoa da Olaiz, eta argi du, gainera, gipuzkoarrek hondakinak kudeatzeko beste bideak badirela erakutsi dutela: «Ikasi dugu hondakinak bereizten, eta orain hori hobetzen jarraitu behar dugu, hondakinen gaiari irtenbide egokia eta emaitza onak emateko. Politikari batzuk errauste plantarekin tematuta daude, eta horrek, ingurumenean, errekurtsoen kudeaketan eta gipuzkoarron osasunean ondorio kaltegarriak izango ditu».
Errausketa «osasunaren kontrako atentatua» da, berriz, Garmendiarentzat: «Baina baita herritarron diruaren, eta ama lurraren kontrakoa. 2051. urtera arte zorpetu nahi gaituzte, eta enpresa handiak demokraziaren gainetik jarri dira. Begiratzen den tokitik begiratuta, astakeria da errauste planta eta izango dituen ondorioak».
Inaugurazioa, «antzerkia»
Zubietan egin nahi duten errauste plantaren lehen harria jarri zuten pasa den maiatzaren 10ean. Argi diote hirurek, «inaugurazioa antzerkia izan zen. Jendeari jakinarazi behar diogu gelditzea dugula, besteak beste, 23 epaiketa dituzte oraindik zintzilik».
Plantan bi labe egin nahi dituzte 200 tona hondakin erretzeko. Kopuru «izugarri handia» dela diote, eta ez dute ulertzen nondik aterako den hainbeste hondakin, «guk geroz eta gehiago birziklatzen badugu, gero eta hondakin gutxiago sortzen ari bagara, zeinen hondakinak erreko dira Zubietan planta errentagarria egiteko? Mallorkan bezala, Irlandatik itsasontziz ekarriko dituzte?», galdera airean utzi du Garmendiak.
Baina Olaizek erantzun du: «Sailkatzen ongi jarraituta %70eko birziklatze tasara helduko bagina Gipuzkoan, inbertsioa egina dagoela esango lukete, errauste planta errentagarri egin behar dela-eta hondakinak inportatuta ekarriko lituzkete. Argi dago edozer aldatzea dutela nahi dutenean».
Birziklatzea eta errauste planta ez dira bateragarriak hiruren ustez, eta errausketa bultzatzen ari diren alderdiei «gezurretan aritzea» leporatu diete, «gaikako bilketa egokia antolatuta, ez dago gairik erretzeko, eta errauste plantak funtzionatu eta bideragarri izateko hondakin ahalik eta gehien behar ditu. EAJ, PSE-EE eta PPri ez zaie interesatzen birziklatzea. Horren adibide dira Oarsoaldean Pasaia eta Lezo».
Sistema aldaketak
Atez ateko sistema izan dute Pasaian 2015eko maiatzeko udal hauteskundeetan udaleko agintaritza kolorez aldatu zen arte, «atez atekoarekin emaitza onak lortzen ari ziren bi udalerrietan, eta edukiontziak jarrita datu horiek okerrera egin dute nabarmen Pasaian», esan du Olaizek. 2014ko irailetik urrira 193 tonatik 88ra gutxitu zen errefusa Pasaian, eta gaikako bilketa tasa %76koa zen. San Marko Mankomunitatearen datuen arabera, 2015eko ekainean 88 tona errefusa bildu ziren, eta urte bereko abenduan 171 tona [urrian jarri zituzten edukiontziak].
Lezoren kasuan EAJ alkatetzara helduta hondakinen bilketa sistema mistoa abiatzea adostu zuten jeltzaleek eta EH Bilduk. Erabaki horrek hautsak arrotu zituen, eta legealdi hasieran alkate zen Kepa Garbizuren dimisioa ekarri zuen. Jesus Mari Martiarena jeltzalea da egun Lezoko alkate, eta akordio hori bertan behera utzita, bost edukiontzien aldeko hautua egin du udalak. Momentuz Altamira auzoan abiatu dute, baina asmoa herri osora zabaltzea da. Lezoren kasuan, %27 birziklatzetik %85era pasa ziren lezoarrak atez ateko sistemarekin. Udalak emandako datuen arabera, martxoan %81eko gaikako bilketa tasa izan zuen herriak.
Easo plaza inguruan bizi diren herritarren jarrera nabarmendu dute Olaizek, Garmendiak eta Zabalok, «goxo hartu gaituzte eta pila bat zaindu. Ditugun beharrei erantzun ahal izateko etxeko giltzak utzi dizkigunik izan da. Lotarako areto bat ere utzi digute. Auzo izpiritua oso bizirik aurkitu dugu».
Gizartea, sentsibilizatuta
Kontzientzia izan badagoela uste du Zabalok, «pasa den larunbatean egindako giza kateak berriz erakutsi du hori». Gose greban izan diren bitartean alderdi eta eragileen bisitak ere jaso dituzte Easo plazan: Sortu, EH Bildu, Ezker Anitza, Irabaziz, ELA, ESK, LAB eta AHTaren aurkako mugimenduko kideak izan dira sostengua erakusten gose grebalariei, besteak beste. Aste osoan herritar asko hurbildu zaizkie, kasu batzuetan galdetzeko, eta besteetan babesteko.
Garmendia, berriz, arranguraz aritu da egungo bizimoduaz, «euskaldunok daramagun bizimoduarekin hiru lur planeta beharko ditugu, izugarria da kontsumo eredua». Salaketari tartea ere egin diote komunikabideez hitz egiterakoan: « Hainbatek isilarazi egiten dute errauste plantaren aurkako jarduera oro. Lotsagarria da komunikabide publikoen kasuan». Hori salatzeko, zehazki, Miramonen, EITBren egoitzaren aurrean, elkarretaratzea egin zuten joan den astelehenean.
Gose greba amaituta, errauste plantaren aurkako mobilizazioak ez duela etenik izan behar argi dute hirurek: «hau urrats bat gehiago izan da, baina lanean jarraitu behar dugu». Harago joan da Zabalo. Haren ustez plantoa egin beharko lukete herritar guztiek Gipuzkoako Foru Aldundian eta ozen esan «ezetz», «ez dugula nahi errauste planta ez Zubietan, ez inon». Bide bakarra informatzea eta mobilizatzea dela dio Olaizek. Ongi ezagutzen du berak errauste plantaren aurkako borroka: «Txingudin egin nahi zuten lehenik, Urnietan, eta Landarbason ere. Denak bertan behera uztea lortu genuen. Izugarria da beren herrietan errauste plantarik nahi ez duten alderdiek, beren herritik kanpo babestea. Politika nazkagarri eta ustel baten adierazle da hori».
Ekonomia zirkularra
Ekonomia zirkularra berreskuratzea da gakoa Garmendiaren ustez, «bizi estiloa aldatu behar dugu, belaunaldi bakarrean, dirua ardatz duen bizimodu batera pasatu gara, kontsumoa da dena. Bizitza ardatz duen eredua behar dugu, eta horretarako ekonomia zirkularra ezinbestekoa da. Ez dugu hain urrun, memoria hori gurea da, berreskura dezagun».
Elikadurarekin «iraultza handia» egin daitekeen dudarik ez du, «egun kontsumitzen dugunaren %5a baino ez da bertakoa. Egin dezagun horren aldeko apustua, bertako elikagaiak eta garaikoak».
Horren gaineko kontzientzia pizten ari dela dio Olaizek: «Kontsumo taldeak baditugu, Arraztalo Oiartzunen, Labore Oarso Kooperatiba, Lezon bertako produktu ekologikoak ekoizten dituztenak… Badira zero kilometro diren produktuak, hondakin gutxiago sortzen dituztenak. Zorionez ugaritzen ari dira txanpiñoien moduan halako proiektuak». Bidea, ordea, luzea ikusten dute.
Bat datoz. Errauste plantak osasunean ondorio larriak eragingo dituela diote: «Ziurrak direla diote, filtroak dituztela, baina botatzen dituen sustantzia arriskutsu guztiak arnastuko ditugu, belardi eta landareetan zabalduko dira, baratzetan, ondoren jango ditugun animaliek arnastu eta jango dituzte… astakeria da», kexu da Zabalo. Populazioari orokorrean eragingo diola gaineratu du Olaizek, baina haurren kasua nabarmendu du: «Lau urteko haur baten gorputzean irentsitako toxiko horien guztien eragina ez da pertsona heldu eta sendo baten bera izango, askoz ere handiagoa baizik». Garmendiak datua erantsi du, «errauste planten inguruan bizi direnen artean, haurdunaldietan %200 handitzen dira malformazio kasuak».
Ikurra balkoietan
Udan jai giroko protestak antolatuko dituztela jakinarazi dute, eta errauste plantaren aurkako ikur ahalik eta gehien nahi dituztela etxeetako balkoietan: «Ez dadila errauste plantaren aurkako mobilizazioa hemen gelditu. Sentsibilizatzen jarraitu behar dugu, informatzen. Bizitza da handiena, merezi du gogoeta egitea, eta errausketari ezetz esatea, guztioi eragingo digulako».
“Udalaren perspektiba eza eta utzikeria kezkagarriak dira”
Iñigo Esnaola. Lezon Ondo Ai Gea.
Iñigo Esnaola Lezon Ondo Ai Gea taldeko kidea.
Altamirakoa esperientzia pilotua izan da, baina aurten zabaldu nahi du udalak bost edukiontzien sistema udalerri osora. Zein da egoera?
Udalak esandakoaren arabera, hilabete honetan eta uztailean zabaldu nahi dute bost edukiontzien sistema herri osora. Oraindik, ordea, edukiontziak jartzeko guneak markatu gabe daude, eta hainbat lekutan, gainera, ez dago espaziorik edukiontziak jartzeko, Kale Nagusian edo Jaizkibel hiribidean kasu. Bi edukiontzi gehiago jarri behar dituzte eremu bakoitzean, eta Altamirako kasua bitxia izan zen, gehitutako biak grisak izan dira, errefusa biltzeko, alegia.
Bestalde, garbiketa esleipena hasi bazuten ere, atzera bota dute 600.000 eurokoa egin zutelako eta dirurik ez zutelako erantzuteko. Kontuan hartu behar da, sistema berriarekin, kale garbiketa eta hondakinen bilketa aparte egingo direla. Bi zerbitzuek guztira milioi bat euro inguru suposatuko diote udalari urteko, eta egun lanean ari den langile bat edo bi kaleratzea. San Markoko hitzarmenarekin, gainera, ez dago batere argi zenbat kostatuko zaigun lezoarroi, lehenengo faktura iristen denean ikusi beharko dugu, sinatutako akordioan ez dagoelako argi. Ez dirudi, momentuz, sistema berria zabaltzeko baldintzarik dagoenik.
Zer suposatuko du sistema berria herri osora zabaltzeak?
Errefusa kopurua izugarri handituko dela uste dugu, eta organikoa, Altamiran ikusi dugun bezala, inpropioekin nahastuta joango da.
Udalaren jarrera salatu du Lezon Ondo Ai Gea plataformak behin baino gehiagotan. Zein puntutan dago orain egoera.
Udalaren elkarrizketarako jarrera hutsaren hurrena da. Sei hilabetean sei bilera eskatu dizkiogu eta erantzun bat lortu genuen, azkenean, alkatearen bulegoan sartu ginelako. Gillermo Lazon kaleko bizilagunek konposta gunea eskatu dute beren etxe inguruan, daudenak oso urruti dituztelako. Erantzunik ez dute jaso eskaera egin duten zazpi familiek. Altamiran ere eskatu dituzte bilerak alkatearekin edukiontzien kokapena dela eta. Erantzuna lau hilabetera jaso dute, idatziz, bilera eskaera ukatuz eta kokapenaren birplanteamenduari ezezkoa erantzunez.
Hondakinei dagokienean, ahalik eta sistemarik erosoena nahi du udalak eta etengabe errepikatzen ari da ideia hori EAJ, baita aste honetan bertan banatu duen aldizkarian ere.
Administrazio batek ezin du horrela funtzionatu. Perspektibarik gabe ari dira.
Lezoarrak %27 gaika biltzetik, %85era pasatu ziren atez ateko sistema jarri eta berehala. Datu esanguratsuak dira.
Esfortzu handia egin dute herritarrek. Orain %80aren inguruan dabil, baina gaur egun zaila da datu errealak izatea. Jarraipena egin genuen Altamiran bost edukiontzien sistema jarritako lehen hilabetean. Errefusa lehenengo egunetik izugarri handitu zen, eta organikoan nahasketa zegoen. Administrazioak ematen dizun mezua baldin bada, ‘lasai…’, errazena zer da? Bost poltsetan bereizi beharrean dena batean botatzea edukiontzira. Hori gertatzen ari da, eta hori da gertatuko dena. Lortutakoa galtzeak udalaren utzikeria erakusten du.
Kanpaina abiatu duzue. Zein da helburua?
Pegatinak atera ditugu Birziklatuta zoriontsuago leloarekin. Momentu honetan Aizpea, Tiñelu eta Txerrimuñon eskura daitezke, birziklatu nahi duten herritarrek zintzilikarioetan jar ditzaten. Birziklatzen jarraitu nahi dugula eta errauste plantarik ez dugula nahi esan nahi dugu eta aldarrikapen horrekin bat egitera deitzen ditugu lezoarrak. Azken batean, gure seme-alaben eta biloben etorkizunaren alde egitera, ulertuta, norberaren hondakinak kudeatzea, norberaren ardura dela.