San Juan-Koxtapek bere taldeak aurkeztu ditu gaur. Ekitaldiaren aurretik Fegemu Bandera izan dute jokoan gizonek eta emakumeek.
Maila guztietako arraunlariak, elkarrekin.
Urteroko ohitura bihurtzen ari da.
San Juan-Koxtapek bere talde guztiak aurkeztu ditu gaur, gazteenetatik hasita, seniorretara. Plazan izan da aurkezpena, eta noski, beteta zegoen: aurkezpenagatik, arratsaldean izan den estropadagatik (emaitzak behean), eta
jaien egitarauaren barruko Sagardo Jaia zegoelako antolatua. Betekada esperotakoa zen. Eta gainera, klubaren albuma eta kromoak barra-barra saltzen hasi dira.
120 bat arraunlari kategoria guztien artean, ditu egun talde arrosak. Eta aurten, jada, batel, trainerilla, traineru edo aulki mugikorreko sailen artean, 19 garaipen eta bandera daramatzate. Loriaz hasi dute urtea. Baina gaur, Maialen Arrazola emakumeen traineruaren entrenatzaileak banderak agindu ditu, asko, promestu du udako astebururo jaia izango dela Donibanen.
Hainbesteko handikeriz ez du hitz egin Juan Mari Etxabe gizonen traineruaren entrenatzaileak. Jakin badakielako aurten aurretik beste talde batzuk izango dituela, baina zergatik ez, banderaren bat etor daitekeela herrira adierazi du. Hark ere banderak agindu ditu.
Xabier Arraras presidentearen hizketaldia laburra eta eraginkorra izan da. Esan du, herriaren laguntzarekin, edozer dela posible. Eta posible izaten ari da. Mundu arrosa bat delako San Juan, herrikideak atzean dituelako taldeak.
Honakoak, aurkezpeneko irudiak.
Estropada
Aurkezpena baino lehen, I. Fegemu Bandera jokoan izan da badian. Emakumeen kasuan, Gipuzkoako Ligako bigarren estropada izan da. Gizonetan, hurrengo asteburuan hasiko den Eusko Label Ligarako prestaketarako lehia.
Gizonen estropada irabazi du Hondarribiak.
San Juanek, lasai, irabazi du emakumeena 10:54 denborarekin. Lehen ziabogatik bukaerara atzean utzi du Hibaika bigarrena, 13 segundoko tartea lortu arte helmugan. Hirugarrena Orio izan da, errenteriarretatik 4 segundora, bateleretatik 17ra beraz. Askoz urrutiago gelditu dira gainontzeko zazpi traineruak.
Gizonen bandera, Hondarribiarentzat, 19:44 denborarekin. Baina oso estu: Urdaibairi 59 ehuneneko atera dizkio bukaeran, eta Oriori, ia hiru. Sasoia gaurko estropada bezala badoa, arraunzaleak gustura geldituko dira.
Laugarrena San Juan izan da, San Pedro bosgarren sailkatu da, eta azkena Astillero.