Lanpostuen defentsan egingo dutela greba esan dute, eta udalari langileekin eseri, eta lanpostuak mantentzeko proposamenak entzun eta aurrera eramateko eskatu diote.
TAOko langileek greba egingo dute datorren astelehenetik ostiralera.
Datorren astelehenetik (hilak 17) ostiralera (hilak 21) greba egingo dute Errenteria-Oreretako TAO zerbitzuko langileek. Lanpostuen defentsan egingo dutela greba esan dute, eta udalari langileekin eseri, eta lanpostuak mantentzeko proposamenak entzun eta aurrera eramateko eskatu diote. Pasa den ekainaren 15ean jakinarazi zuen Errenteriako Udalak azpikontratatutako (enpresa pribatuek eskaintzen dute zerbitzua)
TAO eta garabi zerbitzuak publiko bihurtzea erabaki zuela. Kalitatezko zerbitzu publikoaren aldeko apustua egina duela udalak esan zuen agerraldi hartan Ogasun zinegotzi Jon Txaskok, “eta bi zerbitzu horiek kudeaketa zuzenera itzultzeko prozesua abian jarri du”. Neurri horrek, baliabideak hobeto kudeatzeko aukera ekarriko duen zalantzarik ez du udalak. Abiatutako prozesua, Lan Eskaintza Publikoaren enplegua kontsolidatuta amaituko da. 11 lanpostu eskainiko ditu bi zerbitzuetarako.
TAOko langileek, haiek “kale gorrian uzteko” erabakia ikusten dute neurriaren atzean, “edo berdina dena, herriko jendea miseriara kondenatzea”. Kexu dira eta langileak alde batera utzi izana leporatu diote udalari, izan ere, uste dute TAO zerbitzua publikoa eginda ere badela aukera egun horretan ari diren langileen lanpostuak mantentzeko, “borondate politiko hutsa dago atzean. Jakin nahiko genuke erabakiaren benetako intentzioa zein ote den. Badirudi, postuak polizia gehiagorekin beteko direla, baina ez dakigu postu horiek zein baldintzetan sortuko diren. Guztiaren atzean interes ekonomizista baino ez badago, triste eta larria litzateke. Hau al da herri honetako ezkerra?”.
25 urtez enpresa pribatuek kudeatu dute TAO zerbitzua eta urtarriletik aurrera udalak kudeatuko du. Arazoa, orain arte zerbitzua eskaini duten enpresen atzean dauden pertsonak direla nabarmendu dute langileek: “Urte luzez lanean eta borrokan jardun dugun langileak. Eta ezin da ulertu udal gobernuak halako erabakia hartzea langileon lanpostuak mantentzea bermatu gabe”.
Azpikontratatutako zerbitzuan lanean hasi zirenean lan baldintza kaxkarrak zituztela erantsi dute, “urteetan egindako borrokarekin baldintza onetan lan egitea lortu dugunean batzuek diote pribilegiatuak garela, noizbait norbaitek hemen jarri gintuela. Kuriosoa da herriko zenbait sektoreetatik halako mezuak entzutea. Nor da pribilegiatua? Eskubideak bermatzeari eta duintasuna izateari pribilegio esaten al zaio orain ezkerreko zenbait taldeetan?. Noizbait zerbitzu hau sortu eta azpikontrata bidez gestionatzea erabaki bazen, edo eta jende konkretua lanean jartzea erabaki bazuten, langileak ez gara horren errudun. Momentuko politikariek hartutako erabakien arduradun bakarrak eurak dira”.
Amaitzeko, adierazpen askatasunari “mugak jartzea” salatu dute: “Mezua interesekoa ez bada, pankartak kendu eta orri informatiboak apurtzen dituzte”.