Sendotu egin du Euskalguneak eguerdi parteko egitaraua; aniztasunari ere erreparatu dio eta hilaren 23an, Munduko Kuadrillen Eguna ospatuko du.
Sardeska atldearen emanaldia iaz Euskalgunean.
Euskalguneak prest du eskaintza bihartik hasi eta hilaren 25era bitartean madalenak gozatzeko, hori bai, euskaraz. Horri begira, Panierreko bere txokotik Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak eta Oreretako Xenpelar AEK euskaltegiak abiatutako egitasmoak, sekula baino fruitu gehiago emango omen ditu aurten.
Besteak beste iaz abiatutako ildotik, sendotu egin du Euskalguneak eguerdi parteko egitaraua: “Gilda lehiaketa, zuzeneko musika emanaldiak, henna tailerra eta ardo dastaketa antolatu ditugu, besteak beste”. Publiko guztiarentzat egitaraua osatu nahi izan dutela erantsi dute, jai giroa gauera mugatu gabe.
Aniztasunari ere erreparatu dio Euskalguneak eta hilaren 23an, Munduko Kuadrillen Eguna ospatuko dute, horren harira. Euskara erdigunean jarrita ahalik eta kolore gehien biltzen saiatuko dira: Kubako musika D’ Caprichoren eskutik, Magrebeko pintxoak, flamenkoa eta euskal musikaren arteko fusioa Concha Rociera eta Sonakayren eskutik; edota Kataluniatik heldutako musika Roba Estesa taldearen eskutik.
Auzolana eta elkarlanarekin sinistuta daudela erantsi du Euskalguneak. Horren adibide Txosnagunearekin batera antolatu duen Banderen Gerra jolasa izango da. Helburua, txosnagune bakoitzak bestearen bandera lapurtzea da, eta horretarako egunero, bataila moduko bat jokatuko dute. AZken bataila handia, 25ean jokatuko da 18:00etatik aurrera Matraka Elektrotxarangak lagunduta.
Kukaña 24an
Madalenetako bosgarren Kukaña egingo du bestalde Euskalguneak hilaren 24an, astelehena. 17:30etan egin dute zita parte hartzaileen abileziak neurtzeko eta ziur lepo izango dela ibaia ingurua. Aurretik, urxingola eta slackline izango da ibai gainean.
Euskalgunearen egitaraua.