Gipuzkoako uretan biltzen den zaborra jaso eta etorkizunerako irtenbideak zein tresnak hornitzea du helburu duen proiektua martxan. Lehen ontziratzea egin dute goizean Pasaiako portutik.
Itsas zaborra bilduko duen plan berriko Gipuzkoako lehen ontziratzea
Life Lema proiektua aurkeztu dute goizean Pasaiako Portuan. Gipuzkoako uretan biltzen den zaborra jaso eta etorkizunerako irtenbideak zein tresnak hornitzea du helburu. Aurkeztu bezain pronto ontziratu da lehen ontzia Trintxerpetik.
Arrantzontzi desberdinek bildutako hondakinen bitartez Gipuzkoako kostaren errealitatea ezagutu ahal izango da
Life Lema proiektuaren bitartez; non batzen den zabor kopuru handien eta zein motatakoa den. Ikerketa honi esker, etorkizunerako tresnak baliatu nahi dituzte. Ingurumen aldetik zein aspektu tekniko eta sozio-ekonomikoetatik landuko dutela azaldu dute eta oinarritzat arrantzontziek bildutako hondakinak izango direla. Proiektua Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduak, AZTI eta Rivages Pro Tech-Suez ikerketa zentroek, Syndicat Mixte Kosta Garbia organismo publikoak, Biarritzeko Udalak eta Surfrider Foundation Europe GKEak gauzatu dute.
2017 eta 2018 urte bitartean 170 lanaldi egingo dituzte eta 50 tonako hondakin bilketa aurreikusten da, gehienbat plastikoak osatutakoa. Jose Ignacio Ansensio Ingurumen diputatuak gai honekiko kezka agertu du goizean Trintxerpeko kaian: “Denbora pasa ahala handitzen ari da arazoa”.
Era berean, arazoa Europa eta mundu mailakoa dela gogorarazi dute. Urtero 10 milioi tona itsas zabor aurkitzen baitira munduko itsaso eta ozeanoetan. Haren %80a lurretik eratorritakoa da eta orokorrean plastikoa: ur botilak, plastikozko poltsak, latak… Botila batek 500 urte behar ditu desegiteko eta poltsa batek 55.
Zaborra nola jaso
Gaur goizean Trintxerpeko kaian egindako aurkezpena ondoren abiatu da lehen arrantzontzia eta demostrazio txiki bat egin dute. Ontziek zaborra jasotzeko hiru metroko luzera duen sare batekin egingo dute lan. %50a ur gainean mantentzen da eta arrastaka eramanez lortuko da zaborra bertan sartzea. Ondoren sarea igo eta jaso egingo dute. Ontziak, gehienbat, korrontea dagoen lekuetan jardungo dira, leku horietan biltzen delako normalean. Bildutakoa AZTI ikerketa zentroak Pasaian duen instalazioetara eramango da ikertu dezaten.
Argazki galeria: