Gaur bertan hasiko dira herri osoan edukiontzi bidez hondakinak biltzen eta horren berri emateko agerraldia egin dute.
Atez ateko sistemako zintzilikarioak kentzen ari dira.
Atez ateko sistemaren zintzilikarioak kendu, eta edukiontziak jartzen ari dira Lezon. Gaur bertan hasiko dira herri osoan edukiontzi bidez hondakinak biltzen eta horren berri emateko agerraldia egin dute Jesus Maria Martiarena alkateak, Miguel Angel Sanchez Ingurumen zinegotziak, Jaime Dominguez-Macaya San Marco Mankomunitatearen presidenteak, Leire Beteta Ingurumen teknikariak, eta Kepa Ugartemendia San Markoko teknikariak.
Sistema berriak bost edukiontzi dituela azaldu du Betetak: “Horietako hiru zabalik izango dira: ontzi arinak eta plastikoa biltzeko edukiontzi horia; papera eta kartoia biltzeko urdina; eta beira biltzeko iglu berdea. Marroia eta grisa, organikoa eta errefusa biltzekoak, berriz, txartelarekin zabaldu beharko dira. Horren helburua, herritarren erabileraren kontrola egitea da, aztertzea, eta edukiontzi marroira bestelako hondakinak bota ez daitezen lortzea”.
Landa eremuan, Gaintxurizketa eta Errekalden hiru ekarpen gune izango dira: “Horietako bakoitzean bost edukiontziak izango dira etxola baten barruan, eta bertara sartzeko txartela beharrezkoa denez horiek aktibatzera hondakinen bulegora joan beharko dute landa eremuetako bizilagunek”.
Poltsa konpostagarriak udalak banatuko ditu hondakinen bulegoan, doan, eta edozein momentuan jaso ditzakete: “Poltsa konpostagarriak soilik materia organikoa biltzeko eta edukiontzi marroian erabili behar da”.
Sanchez “pozik” azaldu da sistema berria herri osora zabalduta: “Herritarren nahi eta eskariari erantzunez sistema berria udalerri osoan ezarri da gaur. Lezoarrek aurrerantzean beren behar eta ohiturei modu egokiagoan erantzuten dien sistema erosoagoa eta erabilerrazagoa izango dute”.
Herritarrek “egunero eta edozein ordutan” atera ahal izango dituztela hondakinak gaineratu du Ingurumen zinegotziak, “helburu nagusia egungo sistema hobetzea da herritarrei erraztasunak emateko. Lezoarrak ohituta daude hondakinak gaika biltzera eta ziur gaude sistema berriarekin gaikako bilketa datuak hobetuko ditugula edukiontzi bidezko sistema erosoagoa, erabilerrazagoa, garbiagoa, ekonomikoki iraunkorragoa delako”.
Egun “handia” dela gaurkoa esan du Dominguez-Macayak, “Lezon edukiontzi bidezko hondakin bileta sistema ezartzea erronka polita izan delako. Aurrerantzean, Lezoko hondakinen bilketa integrala mankomunitatearen esku egongo da, “ardura hori hartzea oso garrantzitsua da”.
Erronka nagusia, gaikako bilketa datuak “hobetzea” dutela esan dute Sanchezek eta Dominguez-Macayak. Eman dituzten datuen arabera, %75 eta %80artekoa da gaur egun gaikako bilketa.
Zalantzak argitzeko, Hondakinen bulegora jo dezakete herritarrek edota 943 52 15 38 telefono zenbakira deitu.