Oiartzungo Udal Artxibategiak akta zaharren dibulgazioaren serieko laugarren atala ezagutarazi du. Meategietako kontuak entresakatu dituzte.
Garaiko udal aktak.
Meatzeak, mundu ezkutua?
Arditurriko meatzeek ez dute aurkezpen handirik behar. Toponimia arloan ere jarduera horrek arrastoak utzi du eta horren adierazle dira “Gazteluko meatzea”, “Gazteluko meatze zuria”, “Matxin-meatze”, “Meatzegorrieta” edo “Meatzezuloeta” bezalako leku-izenak.
Erromatarrek burdinari jaramon handirik ez zioten egin, beste metal batzuetan interesaturik baitzeuden. Horregatik, Erdi Aroan Aiako Harrian material haren erretserbak ia oso-osorik zeuden. XIII. mendeko bigarren erdialdetik meatzeen ustiaketak garrantzia nabarmena hartu zuen, inguruetako errekastoetan ezartzen joan ziren ur-olek ongi islatzen duten moduan. Horren lekuko, erregeak emandako Burdinolen Forua dugu. Jaso zuten lehenengoak Irungo eta Oiartzungo olagizonak izan ziren, 1328an, nahiz eta handik hamar urtera Gipuzkoa osora hedatu..
1.- Mineral ustiaketa, erregearen esku
Monarkia aginte gorena zuen erakundea izaki, hainbat baliabideren gainean pribilegioak aitortu zitzaizkion, meatzeak horiek artean. Funtsean, mea ateratzeko baimena emateagatik sari jakin bat jasotzean zetzan, dirutan zein metaletan. Erregea zen esparruaren gaineko kontrola eta azken hitza zuena.
Hau hala izanik ere, erregeak ez zuen gaia zuzenean kontrolatzen eta zegokiona kobratzearekin nahikoa zuen. Egunerokotasunean, batzuetan meatzeen jabetza herriarena zen, eta auzo guztiek eskubidea zuten horiek ustiatzeko. Besteetan, jabetasunak pribatutasunerantz jo zuen. Meatzaritza munduak, burdinolek bezala, legedi goiztiarra izan zuen.
Monarka zen metal-gune horiek ustiatzeko baimena ematen zuena, gerora Probintziak berretsi behar bazuen ere. Oiartzungo 1706ko udal akten arabera, Migel Justizkoa erregearen aurrean aurkeztu zen Oiartzungo mendietan zeuden “berun, kobre, zilar eta urre” meak bilatu, aurkitu eta ustiatzeko asmoz. Monarkak begi onez ikusi zuen eta baimena eman zion, urriaren 22ko errege-zedula bidez. Jarduera bideratzeko Justizi putzu eta zundaketa lanetan trabarik jarri ez ziezaioten agintzen zion Bailarari. Migelek Aldundiaren aurrean aurkeztu zuen dokumentua. Probintzia ikerketa lanetan hasi zen jarduera hori Bailararen (eta Probintziaren) kaltetan zihoan ala ez jakiteko asmoz: azaroaren 28an Oiartzunek emandako erantzuna ikusita, ez zen inolako eragozpenik ikusi.
2.- Aiako Harriak, herri ezberdinetako meatzarien liskar leku
Meatzaritza Oiartzuni estuki lotutako gaia bada ere, aktetan topatutako aipamenak ez dira ugariak. Hainbatek izaera negatiboa dute, Aiako Harrietako lurretan eskumenak zituzten herrietako auzoen arteko liskarrei buruzkoak baitira. Gunea mugan egonik, ohikoa zen eztabaidak sortzea. 1672, 1679, 1687 edo 1694 urteetan agerikoak dira Irungo eta Oiartzungo herritarren artekoak: 1679ko abuztuan udalbatzak Juan Ribera eta Juan Albisturren aldeko ordainketa-gutuna eman zuen, Bailararen jurisdikziopeko meatzeetan topatu zituzten Irungo sei meatzari preso hartzeagatik.
1694an, Joanes Makutso oiartzuarrari jazotakoa azaltzen zaigu. Dirudienez, Gabriel Irigoienek eta Irungo beste hainbat auzok hark ateratako mea Lesakako Erkazti burdinolako olagizonari saldu zioten. Irun eta Oiartzunen arteko tentsioak agerikoak ziren eta aurreko hilabeteetan herri bateko zein besteko justiziak aurkariaren meatzarien atxiloketa eta ondasunen bahiturak burutzen ari ziren.
“…diferentes cargohauientes de la vnibersidad de Yrun, con comisio´n de la justicia de Fuenterrabía, ha llebado pressos a algunos menaqueros del Valle que trabajaban en sacar mena en dicho puesto [Aiako Harrian] y enbargádoles la bena que tenían echa, como por lo conseguiente la justicia del Valle ha hecho cautura de diferentes vecinos de Yrun, menaqueros, en el mismo puesto, y traídolos presos a la cárzel del juzgado de dicho Valle y enbargádoseles sus bienes”.
Tentsio hauek direla eta, gaia Batzar Nagusietan eta errege-auzialdietan jorratzen hasi zen. Arazoa konpondu bitartean egoerak lehenera egiteko agindua eman zen, herriek inolako justizia-jardunik burutu gabe, meatzariek beraien jarduna normaltasunez jorratzeko. Justizen kasua ikusita, ordea, mandatu horiek ez zuten eragin handirik izan.
3.- Meatzariak, Oiartzungo gizartearen parte
Meatzariak Bailarako gizarteko zati ziren. Udalbatzarentzako ia etengabeko buruhaustea zen bideen konponketan antolatzen ziren auzolanetan parte har zezaten. Meatzariak Ergoien aldean bizi zirela dirudi. 1691n, adibidez, Olaizola-garrika, “Olaizes-egurregi” eta Eizagirretik Madariegira bitarteko biztanle eta meatzariak Sangio edo Zaingiriko bidea konpontzeko lanetara deitu ziren; 1692an, berriz, meatzari, ikazkin eta Ergoiengo auzoak Aiako Harriko eta Gaztelu barrutiko bideak lamatzera bidali ziren.
Behargin guztien beharra zegoen halako lanetan, bereziki bideak zabaldu edo handitu nahi zirenean. Meatzarien lanabesak haitzak puskatzeko oso aproposak ziren eta horren lekuko dugu 1701 urte hasierako adibidea. Udalbatzak, bideen konponketa-lanetara aritu behar zirenak Zistiaga etxera joateko agindua eman zuen. Mandatuaren arabera, hargin eta meatzariak harpiko, burdinaga eta borrekin joango ziren.
“acudan todos los menaqueros d’este dicho Valle al puesto y caminos de Sanguio con sus arpicos y palancas, para adrezar dicho camino y ronper vnas peñas…”
4.- Bertako mearen esportazioa, etengabeko arriskua
On Manuel Lekuona zenak Oiartzuni buruzko monografiaren 80. orrialdean mearen inportazioari buruzko hainbat datu ematen zituen, 1698an zehar udalbatzarretan gaia jorratu zela adieraziz.
Probintziak etengabeko ardura izango du bertako meari babesa emateko eta, bereziki, Gipuzkoako burdinolei minerala erabiltzeko lehentasuna emateko. Ez da harritzekoa aktek burdin esportazioa debekatzen duten neurrien berri ematea. Liburuetan, meatze munduarekin zerikusia duten lehenengo aipamenak XVII. mendearen bigarren erdialdekoak dira, eta debeku horren inguruan dihardute.
Probintziak mea esportatzeko debekua plazaratu zuen 1664 aldera. Bailarako olagizon eta burdinola jabeentzat onuragarria zen neurria ez zen guztien gustuko izan. Erabaki horrek Bailarako meatzariei kalte egiten zien, gertu zituzten Nafarroako burdinolekin negozio bikaina baitzuten. Lesakako Erkazti burdinolaz gain, Artikutzakoak ere interesa zuen Oiartzungo meaz hornitzeko. Debekua saihesten ahalegindu ziren eta Bailarak Probintziara kexua adierazi zuen, mea esportazio horrek bere burdinoletan eragiten zuen kaltea zela.
Probintziaren debekua eta 30 urtera, 1692an, mea-esportazioak eragiten zuen egoeraren larria azpimarratzen zen, meatzeak bukatzen ari zirelako eta burdinolentzako kalte handia zekarrelako: “atento se rreconoce que las meneras se ban acauando y sino se pone esta prouidencia, en breue se acauarán las dichas meneras y se quedarían las herrerías sin materiales”. Agindua berriz 1696an eman zen, betetzen ez zenaren seinale.
5.- Izen eta protagonista batzuk
Meatzarien bizitzaren berri askorik ez dago. Edonola ere, mea esportatzeko debekuei esker meatzarien izen batzuk plazaratzen zaizkigu. 1664 urtean meatzari hauek aipatzen dira:
– Sebastian Arbur
– Juan Etx[…]
– Felipe Intxaurrandieta
– Juanes Isasa
– Martin Perez Pikabe
– Migel Pikabe
– Martin Perez Altamira
– Juan Olaziregi Arain, gaztea
– Juan Goronezbere (?), Juan G[…]agakoaren morroia
– Bonifazio Etxebeste
– Juanes Ibarburu Beroaltza
– Pedro Maia
– Pedro Isasti
– Juan Makutso Algorri
– Juanes Errekarte, Pedro Larrearen morroia
– Juanes Inda, Pedro Larrearen morroia
Gehienei buruz ez dugu daturik eta batzuetan beraien izen-abizenek informazioa zailtzen dute, garaiko homonimia dela eta. Adibidez, Juanes Ibarburu bat alkate dugu 1691 eta 1695ean, eta alkateorde 1681ean; halaber, Sebastian Arburu bat, 1664an “gazte” moduan aipatzen dena, 1677ko haragi hornitzailearen fidatzaileetako bat izan zen. Ezin ziurtatu, ordea, meatzarien artean agertzen zaizkigun bi lagunekin lotuta dauden.
Batzuetan, informazioa agerikoa da. Juan Olaziregi Arain gaztea, adibidez, 1674an Iturriozko pisuzain izendatu zen. Pedro Larrearen morroi zen Juanes Indaren kasuan, 1701ean udalbatzak bere aldeko ordainketa agindu zuen, erregearen etorrera zela eta bideen konponketa-lanetan harpiko eta beste lanabesetan izandako kalteengatik. Baina guztietan adierazgarriena, Bonifazio Etxebeste dugu. Bere kasuak meatzari eta olagizonen artean zegoen lotura islatzen du, Olaberria burdinolako errentari izan baitzen 1686-1688, 1695-1696, 1701 eta 1705 urteetan gutxienez. Horrez gain, hainbat mendi-sail enkantean lortu zituen eta 1704an udalbatzak mendi-ikuskatzaile izendatu zuen. Lan mundutik kanpo, 1689an kapare edo aitonseme aitortu zitzaion.
Azkenik, meatzarientzat morroi lanetan zihardutenak aurreko zerrendan hainbat dira. Garaiko gizartean guztiz errotutako kontua zen. 1701 langileei, beraien ordez umerik ez zezatela bidali agintzen zitzaien. Agidanez, auzolanetan aritu behar zirenek beraien negozioari lehentasuna ematen zioten, komunitatearekin zuten konpromisoari baino; baita meatzariek ere.