IAk deituta herri eskola egin dute gaur ikasleek Zabalenea II gaztetxean, gaur ezer ospatzeko ez dutela aldarrikatzeko.
Ikasle Abertzaleak antolakundeak herri eskola egin du Oreretako Zabalenea II gaztetxean.
Gorriz azaltzen da gaurko eguna egutegian. Jai eguna askorentzat. Beste askok ordea, gaur ez dutela ezer ospatzeko argi dute, eta horren adibide da Ikasle Abertzaleak antolakundea: “Oreretan ere Hispanitatearen egunaren aurka gaude. Intsumitu, irauli, eta herri eskolak eraiki”.
Azken hori egin dute zehazki, herri eskola, Zabalenea II gaztetxean elkartu diren ikasleek. 09:00etan hasita 12:00ak arte, herri eskolen zergatia azaldu eta besteak beste, Europako faxismoa, eta LGTBIQ mugimendua izan dituzte mintzagai. Ikastetxeak itxita izan diren honetan, herri eskola parez pare zabaldu dute beraiek, topaketarako, hausnarketarako, eta beraiek ez dutela gaur ospatzeko ezer aldarrikatzeko.