Pasaitarrek bost egitasmo hautatu behar dituzte, boto bidez, udalak martxan jarri duen Partaidetzazko Aurrekontuen proiektuaren barruan.
Proposamenak askotarikoak dira; txakurrentzako parkea, kirol instalazioak, kultur azpiegiturak…
Udal aurrekontuaren 400.000 euro zertan inbertitu erabaki dezakete pasaitarrek datozen egunetan. Bozka bidez hautatuko dituzte bost egitasmo, prozesu parte-hartzailetik eratorritako 28 proposamenen artean gustukoen dituztenak. Azaroaren 1ean bukatuko da bozka eman ahal izateko epea.
Prozesuan Pasaian erroldatutako 16 urtetik gorako pasaitar guztiek parte har dezakete. Bozkatzeko bideak, berriz, ondokoak:
- Pasaiako udalaren webgunea.
- Etxera banatuko dituzten eskuorrien bidez. Botoak emanda, udal liburutegietan edota Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoetan jarri dituzten postontzietan utzi behar dira eskuorriak.
Bozketa fasea bitartean, hala ere, proposamen guztien inguruko informazioa eta xehetasun guztiak azaltzeko (Udalaren webgunean ikus daitezke proposamenak, barrutika antolatuta), hainbat aurkezpen saio egingo dituzte:
Antxon: bihar, hilak 17, 19:00etan, kultur etxean.
Trintxerpen: ostegunean, hilak 19, 19:00etan, Alkateordetzan.
Donibanen: hilak, 24, 19:00etan, udaletxean.
San Pedron: hilak 25, 19:00etan, udal aretoan.
Metodologia
Pasaiako Udalak aurten jarri du lehenbizikoz Partaidetzazko Aurrekontuen prozesua. Helburua, herritarrek aurrekontuaren atal baten inguruan eztabaidatu eta erabakiak hartzea, eta horretarako, 400.000euro jarri ditu udalak, bi urtean zehar banatzeko.
Prozesua lehengo maiatzean abiatu zen. Lehen fasean herritarrekin batera beharrak aztertu eta eskakizunak jaso zituen udalak. Ondoren, udan, proposamen denak bildu eta balorazio teknikoa egin dute. Balorazio fase honetan, prozesutik kanpo utzi dituzte udalaren eskumenekoak ez diren proposamenak. Irailean, berriz, proposamen guztiak aurkeztu eta horietako batzuk lehenestea aurreikusia zuten, baina bildu den proposamen kopurua medio, leheneste fasea ez da beharrekoa izan. Honenbestez, prozesua azken fasean da gaurtik aurrera, bozketa fasean.