Oarso Bidasoko herrietan elkarretaratzeak egingo dituzte gaur arratsaldean, 'Junts' leloarekin, gehienak Gure Esku Dago-k deituta.
Lezon urriaren 3an egin zen elkarretaratzea.
Gure Esku Dago-k elkarretaratzera deitu ditu gaurko herritarrak, Kataluniako prozesuaren harira
atzo izan ziren gertaerengatik. Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea espetxeratzeko agindu zuen, atzo gauean, Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Horregatik elkarretaratzeak.
Junts (elkarrekin) leloarekin egingo dituzte mobilizazioak. 19:00etan dira gehienak, herrietako plazetan, edo Gure Esku Dago-k gisa horretako mobilizazioak egiten dituen guneetan. Baina badira herriak 19:30ean egingo dituztenak mobilizazioak.
HITZAk, orain arte, honakoak konfirmatu ditu Oarso Bidasoan:
- Errenteria-Oreretan, 19:30ean, Gamon Zumardian (Oarso Eraldatuz-ek antolatua).
- Pasaian: Antxon, 19:00etan, Gure Zumardian; Donibanen 19:30ean Santiago plazan; San Pedron 19:00etan pilotaleku ondoan.
- Irunen, 19:00etan Zabaltza plazan.
- Hondarribian, 19:00etan, San Pedro kalean.
- Lezon, 19:30ean Karlos Saldise plazan.
- Oiartzunen, 19:00etan, Done Eztebe plazan.
Halaber, herri guztietan kazeroladak egitera deitu dute. 22:00etarako egin dute deialdia.