Errigorak hasi du udazkeneko kanpaina bosgarrenez. Atzo abiatu zuen Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan, Oarsoaldeko hainbat eragile eta norbanakok babestuta egin zuen aurkezpenarekin.
Errigorak kanpaina berria aurkeztu zuen atzo.
Errigorak hasi du udazkeneko kanpaina bosgarrenez. Atzo abiatu zuen Errenteria-Oreretako Xabier Olaskoaga plazan, Oarsoaldeko hainbat eragile eta norbanakok babestuta egin zuen aurkezpenarekin. Errigoraren kutxak pilatuta irudikatutako zubi azpian bildu ziren kanpainaren berri eman, eta aurreko lau urteetan Nafarroako hegoaldeko euskalgintzak hain beharrezkoa duen laguntza lortzeko iniziatibak jaso duen uztaren berri emateko.
Atzo abiatuta, azaroaren 14an amaituko da herri lana ardatz izango duen kanpaina. Eneko Guridi Oreretako Errigorako lantaldeko kideak eman zion hasiera ekitaldiari. “Herria egiteko” unea heldu dela esan zuen Guridik, “gaur hasi eta azaroaren 14ra arte saskiak eskatzeko aukera izango dugu, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzak hain beharrezkoa duen elkartasunezko puzkada anaikor bat bidaltzekoa, zonalde horretako nekazariei beren ogibidean laguntzekoa, eta ekimen alai, anitz eta behetik gorako hau hauspotzekoa”.
Herri lanetik datozela ikastolak ere nabarmendu zuen, bestalde, Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkari Nekane Artola lezoarrak, “ehunka izan gara Euskal Herri osoan euskaraz ikasi eta irakatsi ahal izateko hezkuntza sistema propio baten alde herri lanean aritutako guraso, irakasle eta herritarrak. Eskualde honetan herri lanean oinarritutako ehunka ekimen gauzatu dira”. Xenpelar AEKk ere bat egin zuen Errigoraren kanpainarekin. “Ilusioa eta plazera” aipatu zituen Amaia Arruti irakasleak Errigoraren kanpaina berri bakoitza definitzeko, “AEKren euskaltegietan eguneroko lanean aritzen gareneko sentsazio bera dugu. Azken batean, hau guztia z4er duzue ez bada ilusioz eta erronkaz beteriko herri lan kolektiboa?”. Datu bat eman zuen Arrutik, gainera: “Azken urteetan %60 baino gehiago igo da Nafarroako hegoaldeko euskaltegietako matrikulazioa. Bistan da, beraz, eragin handia izan duela horretan Errigorak bideratutako beka sistemak”.
Emaitzak, nabarmen
Iniziatibak denbora laburrean jaso dituen emaitzei erreparatu zien Elizalde Herri Eskolako zuzendari Andoitz Apaolazak: “Ederra da Cascanten olioa euskaraz etiketatzen hasi direla entzutea, edo zonaldeko olio errota, kontserba etxe eta upategiak beren web guneak euskaratu dituztela jakitea. Pozgarria da oso, oztopo guztien gainetik, Erriberrin, Tafallan, eta beste hainbat herritan sare publikoan euskaraz ikasteko eskubidea gauzatzen hasi dela ikustea”. Zubiak eraikitzearen garrantzia nabarmendu zuen Apaolazak, “gure kasuan, Oiartzundik Erriberara”.
Labore Oarsok ere egin zuen bat Errigoraren aurkezpenarekin, eta haren izenean Jon Legorburuk hartu zuen hitza. Herri lanetik asko daukala elikadura burujabetzak nabarmendu zuen, eta baserri eta nekazari guneek euskararen herrian garrantzi berezia izan dutela mendeetan zehar erantsi, abeltzaintzak eta arrantzak bezala: “Zenbat eta zenbat plaza izan diren bertako hizkuntza eta elikadura mendez mende sostengatzen lagundu dutenak”. Errigoratik zein Labore Oarsotik bertako ekoizle eta ekoizpena sustatzen jarraitzera deitu zuen Legorburuk, baita euskara eta herri lanari ere.
Kanpainaren berri eman zuen Errigorako kide Iker Ajuriagerrak.
Herrilana izango dela kanpainaren leloa esan eta berritasunak azaldu zituen. Besteak beste, apustu sendoa egin dute aurten Ablitasen egiten den saskiak prestatzeko herri lanean, kanpainaren erdian kokatu dute eta azaroaren 2tik 5era egingo da. Lehen egunean, Lodosa, Viana eta Tuterako Ikastoletako haurrak bildu eta Porrotxekin batera kartoizko kutxak prestatuko dituzte, eta olio errota bat bisitatu ondoren. Azaroaren 3an, Ablitaseko kooperatiban saskiak muntatzeko erabiliko dituzten produktu eta horien ekoizleak bilduko dira. Azken bi egunetan berriz, (azaroaren 4 eta 5ean), Euskal herritik heldutako boluntarioekin saskiak prestatu eta jai giroan asteburua pasako dute Tutera aldean, “herrien arteko zubiak eraikitzeaz gain, herritarren artekoek ere berebiziko garrantzia baitute”.
Aurkezpena amaitzeko kanpainaren iragazkia eman zuten karparen barruan eta Nafarroako produktuen dastaketa egin zuten.
Kanpaina datuetan
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bosgarren aldia da Errigorak abaitu berri duena, eta joan den urtekoan, 140.000 saski banatu eta 175.000 euro bideratu zituen Nafarroako hegoaldeko euskalgintzara. Aurreko lau aldiak batuta, 600.000 eurotik gora bideratu ditu euskalgintzara Errigorak. Ekoizpen enpresei dagokienean, birekin hasitako kanpainan, 25 enpresa ari dira une honetan.