Askatu dituzte behin behinean Iruñeko espetxean martxoaren 13az geroztik ziren Oreretako hiru gazteak.
Oreretako hiru gazteak Iruñeko espetxetik aterata.
Askatu dituzte behin behinean Iruñeko espetxean martxoaren 13az geroztik ziren Oreretako hiru gazteak. Arratsaldean jakinarazi du berria Etorkizunaren Alde Plataformak, eta arratsean irten dira Asier, Endika eta Ruben Iruñeko espetxetik. Hirurak, beste adin txikiko oreretar batekin batera atxilotu zituzten martxoan Iruñeko manifestazio batean izandako istiluen harira. Bi egunera epailearen aurretik pasa, eta azken horrek espetxeratzeko agindua eman zuen.
Carmen Lamela epailearen esku dago auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazteak aske uztea eskatzeko hainbat mobilizazio egin dituzte azken hilabeteetan eta legebiltzarraren, gehiengo sindikalaren eta Errenteriako alkate izandako ia guztien babesa jaso dute gurasoek eta auzia Nafarroako epaitegiaren esku uztea eskatu dute.
Iruñeko espetxetik irtenda Oreretako bidea hartu dute gazteek beren familiekin. Aske utziko zituztela jakin bezain pronto joan dira Iruñeko espetxe atarira. Gazteek, arratsaldean zehar jaso dute berria komunikabideen bidez. Lehen harrera, Etorkizunaren Alde plataformaren ikur bihurtu den Mikelazulo pasabidean egingo diete hiru gazteei gaur bertan.
HITZAk joan den hilabetean egin zuen erreportajea hiru gazteen gurasoekin.