Kultura eta mugikortasuna, bi horiek dira gobernu taldeak 2018. urterako prestatu duen aurrekontu proposamenaren apustu garrantzitsuenak.
Ion Collar eta Jon Txasko aurrekontu proposamena aurkezten.
Kultura eta mugikortasuna, bi horiek dira gobernu taldeak 2018. urterako prestatu duen aurrekontu proposamenaren apustu garrantzitsuenak. Gaur aurkeztu dute proposamena Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar bigarren alkateordeak. Datorren urteari begirakoak, helburuetan oinarritutako aurrekontuak izango dira lehen aldiz Txaskok nabarmendu duenez, “aurrekontuen proposamenak berrikuntza dute, administrazioa berritzeko udala egiten ari den prozesuaren barruan sortutakoak baitira. Testuinguru horretan kokatzen dira urte honetan zehar gauzatutako administrazio berrantolaketa, 2019 helburu Kudeaketa Plana, baita urtarrilean irekiko dugun Zu! Zure Udala zerbitzua”.
51.768.863 euroko proposamena da gobernu taldeak aurkeztu duena, eta kulturaren aldeko apustu sendoa egin du. Garapen sozial eta aniztasunerako baliabide zein ekonomiaren bultzatzaile den zalantzarik ez dutela esan du Txaskok, eta horren barruan kokatu du
Lekuona Kultur Fabrika. Estrategikoa da proiektua udalarentzat, hala bildu du 2025 Plan Estrategikoaren barruan, eta aurrekontuaren diru zati garrantzitsua eskainiko dio kultur espazioari, 2.800.00 euro orotara.
Galtzaraborda eta Beraungo igogailuak
Mugikortasunari eta auzoen arteko irisgarritasunari ere garrantzi berezia eman dio gobernu taldeak, eta horren adierazle da Galtzaraborda eta Beraungo igogailuetarako bideratu nahi duen diru zatia. Lehenengorako 600.000 euro aurreikusi ditu: “Galatzarabordako igogailua amaituko dugu, Galtzarabordako parkea komunikatzeko Urdaburu kaletik, Murumendi, Larrunarri, Jaizkibel kaleekin eta Galtzaraborda etorbidearekin, udal igerilekuetara edo anbulatoriora iristeko”.
Beraungo igogailuaren proiektua hasteko, berriz, 700.000 diru zatia aurreikusi du proposamenean gobernu taldeak. Beraun, Jesus Guridi, Krisostomo Arriaga eta Julian Lavilla kaleen eta Galtzaraborda etorbidearen artean irisgarritasuna hobetzea du helburu.
Gizarte babesa mantentzea da beste apustua, “pertsona erdigunean jartzea”. Collarrek azaldu duenez, 920.000 euro emango ditu udalak gizarte larrialdiko laguntzetarako. Babes sozialeko, garapen sozio ekonomikoko eta enplegua sortzeko politiken alde ere egingo dutela gaineratu du, “ahal den neurrian krisiaren eragina arintzeko 500.000 euroko partida onartu du udalak enplegu planetarako”.
Iraunkortasunaren barruan biodibertsitatea lehengoratzeko, edo Fanderiako Errotaren proiektu dibulgatzailea sustatzea aipatu ditu. Fanderiako frontoia eta Beraungo Estadioa birmoldatzeko eta Arramendiko parkerako izan den parte hartze prozesuari jarraipena emateko diru zatia ere aurreikusi dute aurrekontu proposamenean.
Azaroko ohiko plenoan aztergai
Aurtengoarekin alderatuta, “zertxobait” txikiagoa dela aurrekontu proposamena azaldu du Txaskok, %1,2 zehazki. Horren arrazoia eskatutako maileguekin lotu du Ogasun zinegotziak, “138.000 euro gutxiago eskatuko ditu udalak maileguetan”. Udalaren egoeraren gainean galdetuta, 2009tik 2017ra zorra erdira murriztu dela “kudeaketa egoki” batekin esan du: “2009an %67koa zen udalaren zorra eta gaur egun %34koa”.
Aurrekontu proposamena oposizioko bi alderdiei helarazi diete azter dezaten.
Ordenantza fiskalak aurrera egin zuten urriko plenoan EH Bildu, Errenteria Irabaziz eta PSE-EEren aldeko botoekin. Adostasunera heltzeko, alderdi sozialistak hondakinen gaineko zerga izozteko proposamena onartu zuen gobernu taldeak. Horren harira, EAJ eta PSE-EEk gobernu taldearen proposamena babestuko duten galdetuta, oraingoz jakiterik ez dagoela erantzun du Txaskok. Azaroaren 28ko ohiko plenoan aztertuko dute aurrekontu proposamena.