Donibaneko Juanba Berasategi Kulturguneak Pasaiako sarraskiaren dokumentalaren Pasaiako estreinaldia jasoko du bihar arratsaldean. Bixi-Bixi elkarteak ere hainbat jarduera antolatu ditu.
Lehengo uztailean, dokumentalarentzako grabazioak bitartean.
Ez da
Ikuskaren programazioaren barrukoa, baina bat egin dute denboran eta agertokian.
Pasaiako badia dokumentala bihar ikusi ahal izango da lehenbizikoz Donibanen, Juanba Berasategi Kulturgunean, 18:00etan.
Oso emanaldi berezia izango da Donibanekoa, dokumentalak 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotako gertaerak dituelako oinarri.
Espainiako Poliziak Komando Antikapitalistetako kide Jose Mari Izura, Rafa Delas, Dioni Aizpuru eta Pedro Mari Isart hil zituen egun hartan Donibanen. Gorpuek, guztira, 113 bala zulo zituzten.
Dokumentalean hildakoen senideek parte hartu dute, baita Joseba Merinok eta Rosa Jimenok ere, gertaeren lekuko zuzenek. Horrez gain, Pasaiako herritarren testigantzak bildu dituzte, Santi Gonzalez eta Miguel Castells abokatuen adierazpenekin batera.
Carlos Garaikoetxeak, Paco Etxeberriak, Fernando Organbidesek (El Pais-eko kazetaria ohia), eta Enrique Villareal El Drogas-ek ere hitz egin dute dokumentalean.
Oinatzak Ekoiztetxeko Yuri Agirrek, Xabier Otamendik eta Erik Aznalek zuzendu dute lana, eta Berria egunkariaren eta Gogora Institutuaren babesa du.
Egileak Donibaneko aurkezpenean izango dira lana aurkezten, baina aurreratu dute dokumentalak «ikerketa lana, zehaztasuna eta sakontasuna» uztartzen dituela, eta thiller-a eta drama nahastu, «irudi gogorrak eta une intimo eta sentikorrak barnebilduz».
Ekitaldia eta bazkaria
Emanaldi honen testuinguruan Donibaneko Bixi-Bixi elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu biharko.
12:30ean elkarretaratze bat izango da Donibaneko Santiago plazan, eta ondoren ekitaldi politikoa eta lore eskaintza gazteluan.
14:15ean, berriz, bazkaria izango da Itsas Mendi elkartean. Txartelak Xabiker harategian, Berezi okindegian eta Itziar tabernan eros daitezke, 12 euroan helduentzat eta 9 euroan haurrentzat.