Oiartzun ibaia hobeto ezagutzeko irteera antolatu dute

Oiartzun ibaiaren egoera asko hobetu da azken urteetan.

Oiartzun Ibaia, Oarsoaldearen bizkarrezurra eta Aiako Harria parkearen eta itsasoaren arteko zilbor hestea goiburuarekin irteera antolatu dute  igandean (hilak 19) Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak eta Natura 2000 Sareak. Ibaia bera hurbilagotik ezagutu nahi dute, egungo egoera ikusi eta haren inguruan etorkizunean aurreikusita dauden proiektuek izango duten eraginaz jabetu.

Azken urteetan uraren kalitatea nabarmen hobetu da Eguzkiren esanetan, baina oraindik konpondu gabeko arazo asko dagoela nabarmendu du, “tartean, Donibanen eta Trintxerpen ur beltzen bilketa ezartzea”. Ibai ertzak “artifizializatuegiak” daudela erantsi du, “interes ekonomikoa beste edozein interesaren aurretik jarri baita”. Errenteria-Oreretatik igarotzen den zatian jarriko dute arreta, zehazki, eta horretarako, Iztietako Diputazio plazan elkartuko dira 10:00etan. Ibaiaren beste ertzean, Altzate-Campsa aldean eremuaren egoera ikusiko dute, eta bertarako aurreikusten diren proiektuen berri emango diete bildutakoei Altzate Herriarentzat taldeko eta Gurekin Auzo Elkarteko kideek.

Fanderiara joango dira, ondoren, arrainentzat zeharkaezinak ez diren presak egitea dagoela ikusiko dute bertan, eta tarte horretan ibaiak dituen mehatxuak eta balioak azalduko dizkie irteeran parte hartuko dutenei aditu batek. Yurrita errota inguruan, presa ondoan amaituko dute ibilbidea. Eguzki taldeko kide batek, egun erabiltzen ez den errota eta bere presaren egoera administratiboa zein den, eta oztopo mota horiek bioaniztasunean duten eragina azalduko du.

Irteera bi ordu eta erdiko iraupena izango du eta ibilaldi erraza izango dela zehaztu dute antolatzaileek.

Aiako Harrian sortu eta Pasaiako badian  itsasoratzen da Oiartzun ibaia. Gipuzkoako ibairik motzena da, 16,6 kilometrorekin, txikia baina garrantzi handikoa. Izan ere Oiartzun Ibaiaren bailara Euskal Herriko zaharrenetarikoa dela esan daiteke,  Paleozoikoan, duela 380 miloi urte hasi zen eratzen.

“Oiartzun ibaia bizirik eta osasuntsu mantentzea gure ardura da, bai bioaniztasuna bermatzeko, bai herritarron gozamenerako”, dio Eguzkik, eta Oiartzun ibaia, herritarren kontzientziazioa hoberen islatzen duen elementuetako bat dela nabarmendu du.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend