Bere borrokaren berri ematen ari dira egunotan Pasaiara Bezko Bekok gonbidatuta Indiatik etorri diren hiru ‘sheroes’-ak; azidoarekin eraso zituzten, baina biziraun dute, kementsu eta adorez
Aretoa lepo, eta entzuleen artean emakumeak nagusi. Guztiak testigantza lazgarriak entzuteko prest. Eta ziurrenik ia entzule denen harridurarako, hizlariak irribarretsu, eta pozik, oso pozik. Nire irribarrea, nire edertasuna. Hala dio Indian
sheroes izenez ezagunak direnen leloak, eta ez dira hitz hutsak, zinez.
Ritu Saini, Roopa Saa, eta Sonya Choudhary azidoarekin erasotuak izan ziren, oso gazte zirela. 19 urte zituen Sonyak erasotu zutenean, 14 urte Rituk, eta 17 Roppak. Gaur egun, hurrenez hurren, 33, 25 eta 22 urte dituzte, etorkizuna aurretik eta bizipoza opari.
Ritu Saini, Roopa Saa eta Sonya Choudhary, hitzaldia bitartean; Bekoz Bekok bere egoitza estreinatu berrian antolatu duen lehen ekitaldia izan da, eta lepo bete da egoitza.
Lehen aldiz irten dira hirurak Indiatik, Pasaiara etortzeko, indarkeria matxistaren kontra lan egiten duen Bekoz Beko elkarteak gonbidatuta.
Herenegun Pasai Antxon eman zuten hitzaldia, eta beren testigantzek ez zuten inor epel utzi. Sonya Choudharyk kontatu zuenez bere bizilagun batek erasotu zuen: «Eztabaida izan nuen, eta uko egin nionez barkamena eskatzeari, azidoa bota zidan».
Erasoaren ondorioz erredurak ditu gorputz osoan. Latzak pasa dituela nabaria da, baina, kontatu zuenez, Channy fundazioari esker aurrera egitea lortu du: «Elkarteari esker nire historia kontatzera ausartu naiz». Eta ez hori bakarrik, bere bizimodua berreraikitzeko modua ere topatu du. Estetika zentro batean lan egiten zuen Sonya Choudharyk erasoaren aurretik, eta gaur egun bere estetika zentroa gidatzen du. Bere ahizparen alaba adopzioan hartu du.
Roopa Saa etxean erasotu zuten, eta ohikoena ez bada ere, bere kasuan emakume bat izan zen erasotzailea: «Amaordeak egin zidan eraso. Txikitatik nahi izan du ni hiltzea», kontatu zuen. Erasoa eta gero bost urte eman zituen etxean, «ezkutuan, atera gabe, eta bizitzeko batere gogorik gabe». Zorionez, Stop Acid Attacks kanpainak «bizitza erabat aldatu» diola dio. Esan zuenez, beste biktimak ezagutzean bildu du aurrera ateratzeko behar zuen adorea.
Hiruren artean gazteena Ritu Saini da. Sainiri, Saari bezala, etxeko batek egin zion eraso. Ezkontzeko eskatu zion lehengusuak, eta ezetz erantzun ziolako erasotu zion. Erasoaren ondorioz, bi hilabetez egon zen ospitalean, eta urtebete etxetik atera gabe, 2014. urtean Stop Acid Attacks kanpainara batu zen arte.
Hamabi ebakuntza egin behar izan dizkiote, baina egun, sasoi betean da. «Kanpainari esker nire aurpegia desestali nuen eta ez dut sekula gehiago ezkutatuko. Aurpegia erre didate, baina nik munduko energia guztia dut», gaineratu zuen irria ahoan, eta entzuleen artean sumatzen zuen «energia positiboaz erabat kutsatuta» eskerrak eman zizkion Bekoz Beko elkarteari.
Channy fundazioa
Ritu Saini 14 urte zituenean eraso zuten. Egun 22 ditu. hitza
Ritu Saini, Roopa Saa eta Sonya Choudharyrekin batera Channy fundazioko kide Alok Dixit etorri da Pasaiara. Dixitek hitzaldian azaldu zuen noiz eta zertarako sortu zuten elkartea. «2013. urtean elkartu ginen lehen aldiz gai honen gainean zerbait egin nahian», azaldu zuen. Gazte talde bat elkartu eta, esan zuenez, haien apartamentuko gela bat egokitzea izan zen lehen urratsa, erasotutakoak bildu eta elkarren berri eduki zezaten: «Asko kostatu zitzaigun erasotutakoak konbentzitzea, baina azkenean lortu genuen jasandako erasoak publiko egin, eta bideoen bidez sare sozialetan eta komunikabideetan salatzea».
Sheroes-ek orduan kontatu zituzten erasoak publikoki, lehen pertsonan eta lehen aldiz.
Beste urrats funtsezkoa emakumeek bere aurpegia ez ezkutatzea lortzea izan zela kontatu zuen Dixitek: «Ezkutatu egiten ziren, eta guk esaten genien ezetz, ez zirela ezkutatu behar, erasotzaileak zirela ezkutuan behar zutenak».
Kostata, baina lortu egin zuten, eta lorpena erabakigarria izan zen erasotuen sendatze bidean, Dixitek nabarmendu zuenez, «zauri fisikoak baino askoz mingarriagoak izaten direlako zauri psikologikoak». «Erasotzaileek nahita botatzen dute azidoa aurpegira, badakitelako horrek zein erreakzio eragin dezakeen jendearengan», gaineratu zuen.
Erasotutako emakumeei ahotsa ematean, gaia plazaratzea eta eztabaidatzea lortu zuen Channy fundazioak, eta 2014. urtean hiru lege berri onartzea. Lege berri horien arabera, erasotutako emakumeek errehabilitaziorako tratamenduak doan jaso behar dituzte; horrez gain, azidoa erostea zaildu egin dute, eta erasotzaileentzako zigor gogorragoak ezarri dituzte.
Zuri-beltzean jasoak, baina, ez dute gaur-gaurkoz egiazko aldaketarik ekarri. Horregatik fundazioaren hasierako asmoa legeak aprobatzean Stop Acid Attacks kanpaina bukatzea bazen ere, jarraipena eman behar izan diotela azaldu zuen Dixitek.
Sheroes Hangout
Kanpainari denboran eutsi ahal izateko Sheros Hangout kafea sortu zuen Channy fundazioak Indiako Agra hirian. Erasotutako emakumeek kudeatzen dute kafetegia, eta baliabide ekonomikoak eskuratzeaz gain, beren borroka ezagutarazteko balio izan du negozioak. Bost familiarekin hasi zen proiektua, eta gaur egun hiru kafetegi dituzte, 30 emakume ari dira horietan lanean.
Bekoz Beko elkarteko hiru kide Indian izan dira, proiektua bertatik bertara ezagutzen. Hitzaldian kontatu zutenez, «harrera beroa egiten diete kafetegian sartzen diren guztiei, haiei bezala, turistei ere».
Baina kafetegian soilik ez. Pasaitarrek errehabilitazio zentroa ezagutu dute baita ere, eta haien egunerokoa, Agra ondoko herri txiki bateko familia batekin elkarbizitzeko aukera izan dutelako. Esperientzia oso aberasgarria izan dela kontatu dute, «elkarri gauza asko irakasteko» aukera izan dutelako.
Indarkeria matxistaren gaia ikustarazteko balio du
sheroes-en borrokak. Mundu osoko emakumeek pairatzen duten indarkeria ikustarazteko adibide bortitza dira. Baina askoz gehiago ere. Eredu bat ere badira, altxatzeko bidean egon daitezkeen emakume guztientzako ispilu eta indar. Horregatik gonbidatu ditu Bekoz Bekok Pasaiara eta horregatik eramango dute bihar, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean Donostian mugimendu feministak antolatutako manifestazioaren pankarta nagusia. 19:00etan da zita, Bulebarrean.
Izaskun Barbier Bekoz Beko-ko kidea: «Inspirazio iturri eta eredu bat izatea nahi dugu»
Egun batzuk egin dituzte jada Pasaian hiru sheroes-ak. Zer moduz dabiltza ?
Indiatik irten diren lehen aldia da, eta pozez zoratzen dabiltza. Beste kultura bat, bestelako paisaiak… Baina batez ere pozik daude jendeak ez dituelako arraro begiratzen. Jendeak geratu egiten ditu kalean, eta besarkatu, eta beraiek harrituta daude, eta oso kontent herritarren erreakzioekin.
Egia esan, guk deitu genienean eta hona etortzeko gonbidapena luzatu, ez zuten oso ondo ulertzen zergatia. Orain, berriz, oso eskertuta daude, eta oso harrituta jendeak egin dien harrerarekin. Sinestezina egiten zaie baita ere erakundeak herritarrentzat hain eskuragarri izatea.
Beraiek hona etorri aurretik zu eta Bezkoz Beko elkarteko beste bi emakume egon zarete Indian, proiektua bertatik bertara ezagutzen. Zer moduz?
Kontrastea hain da basatia! Indian egon ez denarentzat, irudikatzeko ezinezkoa dela. Hain da diferentea jendartea eta emakumearen egoera! Oso emakume gutxi ikusi ditugu gidatzen, eta are gutxiago negozioen gidaritzan. Gehienek etxean edo nekazaritzan egiten dute lan.
Gu beraiek ezagutzera joan gara, haien testuinguru naturala, eta Agra ondoko herri txiki batean egon gara, familia baten etxean, denak emakumeak, eta aitona. Alaba zaharrenak 15 urte zituen eta iaz ezkondu zuten. Aitona agertu orduko emakume zaharrenak, aitonaren erraina, aurpegia estali behar izaten zuen. Zaila da ulertzen.
Erakundeetan harrerak, bisitak hara eta hona, hitzaldiak… Agenda estua izan dute aste osoan hiru sheroes-ek.
Guk, sheroes-en esperientzien bidez erakundeei erakutsi nahi izan diegu badagoela gauzak egiterik.
Kontua ez da mugatzen haiek laguntzera. Haien esperientzien bidez, emakumeok pairatzen ditugun izugarrikeria guztiak agerian utzi nahi izan ditugu. Zergatik eta nola altxa diren azal dezaten bilatu dugu, bere esperientzia eredugarria iruditzen zaigulako. Inspirazio iturri, eta adibide bat izatea nahi dugu. Guk dena dugu. Nola ez gara bada altxako? Nola ez dugu ezer egingo? Nola ez dugu lagunduko? Nola ez bizi?
Orain dela urtebete hasi zen Bekoz Beko elkartea eta Stop Acid Attacks kudeatzen duen elkarteen arteko harremana. Etorkizunean bi elkarteen arteko loturari eusteko asmorik al duzue?
Gure ilusioa litzateke etorkizunean jarraitu ahal izatea. Egia da baita ere gutxi garela, baina zerbait egin dezakegu. Ez dugu nahi hilaren 26an joaten direnean hau guztia ezerezean gera dadin. Beraiek ere hala eskatu digute, eta gure nahia ere bada.
Edonola ere, argi dago gure lan esparrua hemen dagoela, Pasaian. Hala ere, ez dugu inolaz ere harremana eten nahi, gauza asko ditugulako elkarri erakusteko.
A25eko deialdiak
Pasaia (Bihar)
Antxo. 11:30ean, aldarrikapenen prestaketa Zumardian; 12:30ean,
Josi ditzagun Antxoko kaleak aldarrikapenez ekitaldia.
Trintxerpe. 16:30ean, alkateordetzan, Ni una menos errezitaldi poetiko-musikala.
San Pedro.11:30etik aurrera, mural margotze kolektiboa frontoian, Askalitzek antolatuta.
Oiartzun
Gaur. Martxan dokumentalaren emanaldia eta ondoren solasaldia, udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
Bihar. 16:30ean, mural margotzea, Done Eztebe plazan; 19:00etan,
Badabil zerbatte emanaldia eta antzerkia, Kontzejupean.
Errenteria-Orereta
Gaur. 17:00etatik aurrera mural margotzea Herriko Plazan.
Bihar. 10:00etan kotxe karabana Pontika auzoko aparkalekutik abiatuta; 11:00etan, luntxa, Landare elkartean, eta ondoren aldarrikapen ibiltaria. 19:00etan, manifestazioa Herriko Plazatik abiatuta; 20:00etan, azkenik, Herrien Astearen egitarauaren barruan, Mounqup abeslari galiziarraren kontzertua.
Irun
Gaur. 18:00etan, Martindozenean gaztelekuan, defentsa pertsonal feminista tailera; 17:00etan,
Zapalduen antzerkia, San Migeleko adinekoen zentroan.
Bihar. 10:30etik aurrera, Indarkeriaren Aurkako Ahotsak ekitaldia Zabaltza plazan; 13:00etan, toki berean, elkarretaratzea, eta 17:30ean,
Te doy mis ojos filma Martindozenea Gaztelekuan.
Hondarribia
Gaur. 19:00etan, Itsas Etxean, El Escondite konpainiaren
La jaula invisible antzezlana.
Bihar. 13:00etan, giza katea San Pedro kalean.