Azpiegitura ezagutzera eman nahi dute eta helburu horrekin ate irekien jardunaldia antolatu dute gaurko.
Gelasio Aranburu kalean zeuden, eta aurrerantzean Nafarroa Etorbidean egongo dira. Pasaiako kale hezitzaileek eta haiekin aritzen diren haur eta gazteek lokal berria dute Pasai Antxon.
Azpiegitura ezagutzera eman nahi dute, eta helburu horrekin gaur lokal berriaren ateak zabalduko dizkiete herritarrei, 18:00etatik aurrera. Pasaitar guztiak gonbidatu dituzte.
Sukaldaritza eta ile-apainketa tailerrak egingo dituzte bertan, eta eskolako lanak egiteko laguntza ere emango diete han bilduko diren adin txikikoei. Horiez gain, irteerak, kirol-txapelketak eta egonaldian egingo dituzte.
Baliabidea 7 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta dago, eta bertan egiten diren jardueren bitartez, hezitzaileek helburu pertsonal eta kolektiboak lantzen dituzte, beti ere prebentzioa lehenetsiz.
Lokala arratsaldero egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara.