Borja Arratibel: «Nire lanak oso biluziak dira, batez ere azken erakusketa honetan»

Borja Arratibel

Borja Arratibel, Okendo kultur etxean, bere margolanen erakusketan, areto zaharrean.

Jendea eta jendilajea, horixe zure erakusketaren izenburua,  baina zer du gehien jendetik edo jendilajetik?
Nik uste dut jendilajetik dagoela gehiago.

Pertsonaia groteskoak omen zureak. Ados?
Bai, bai, beno….

Eta zergatik Jendea eta jendilajea. Zergatik izenburu hori?
Kritika bat da, arlo guztietako mandatariei zuzendua. Egungo sistemari kritika, eta agintzen gaituztenei. Mundu ikuskera bat da finean, gure gainetik daudenen erretratua, gure bizitza nola antolatzen eta maneiatzen duten islatzeko asmoz sortutako margolanak.

Irakurri dut zure margoek ikuslea deseroso sentiarazi nahi dutela, eta hausnarketara bultzatu.
Deseroso sentiarazi ez, baina hausnarketara bultzatu bai. Bada jende asko ez dena deseroso sentitzen nire margolanen aurrean, ulertzen dituelako, eta nolabait ikusten dutelako nik egiten dudana. Beste askok ez. Itsusi margotzen dudala uste dute, eta ea zer dudan barruan ere galdetu egin izan didate. Baina helburua ez da inor deseroso sentiaraztea.

Eta ikuslea hausnarketara bultzatu nahi duzula diozunean, zein zentzuan diozu? Zer transmititu nahi diozu ikusleari zure marrazkien bidez?
Ez dakit… [barrez]. Nik dudan ikuspegia da, jendilaje horren inguruan dudan ikuspegia. Munduan itxurakeria handia eta gezurti asko dagoela irudikatu nahi izan dut.

Borja Arratibel

Borja Arratibel, Okendo kultur etxean, bere margolanen erakusketan, areto zaharrean.

Trazu gutxi eta kolore biziak. Zergatik estilo hori?
Niri gustatzen zait azkar egitea. Egia esan, irudi bat ikusten dudanean, di-da batean gauzatzeko beharra edo irrika izaten dut. Gehiago landuz gero, beste era bateko irudiak sortuko lirateke, baina, askotan, horrelako lan bat egin nahi duzunean, gauza asko adierazi nahi badituzu, edo ideia asko batera, niri gertatzen zait ez dudala bukatzen, luze egiten zaidala, eta galdu egiten dut nolabaiteko freskotasun hori. Zerbait galtzen da bidean ez baldin baduzu azkar eta di-da batean marrazten.

Jakina, horrela lan egiten duzunean, sorkuntza asko baztertu behar izaten dira. Marrazki asko egiten dituzu, baita asko desegin ere. Batzuetan errepikatu egin behar izaten dut, bat-batekotasun horretan marra bat gaizki egitea nahikoa izaten delako dena izorratzeko. Espresioa ere galdu egiten da gehiegi landuz gero, eta askotan errepikatu behar izaten dut.

Eta koloreaz, zer diozu? Kolore gutxi, baina biziak erabili dituzu. Zergatik?
Niri kontrasteak asko gustatzen zaizkit. Zuri-beltza beti gustatu izan zait eta batzuetan, zuri-beltza oso hotza gelditzen da. Kolore bizi batzuk sartuz gero, indartu egiten dute irudia, eta batzuetan ere nolabaiteko dramatismo hori kentzen laguntzen didate. Batzuetan jendilaje honi seriotasun hori kentzeko asmoz erabiltzen ditut kolore biziak.

Ironia puntu batek  goxatu egiten du eta nik neuk ere behar izaten dut, sortze prozesu horretan ez izateko dena hain etsigarria. Batzuetan gehiegizkoa da eta horrek ere laguntzen du.

Ironia aipatu duzu. Zer toki du ironiak zure sormen lanean? Askotan erabiltzen duzun bitarteko bat al da?
Bai, errekurtso bat da, eta etengabe erabiltzen dut, ironiaren bitartez errazago iristen zarelako jendearengana, lehen esan dizudanagatik, zama kentzen diolako mezuari.

«Zerbait galtzen da bidean ez baduzu azkar eta di-da batean marrazten»
«Ironia puntu batek goxatu egiten du, eta nik neuk ere behar izaten dut»
«Pertsonaiak marrazteaz gain, egoerak jaso nahi izaten ditut»

San Pedron duzu tailerra, zure jaioterri eta bizilekuan, eta bertan sortzen duzu. Zure ingurutik elikatzen zarela diote adituek. San Pedron nahikoa bazka ba al da?
Hori jendeak esaten du. Jendeak joera du nire lanetan bere ingurukoak ikusteko. Askotan esaten didate erretratatu dudan pertsonaia bat, hau dela edo bestea dela. Pentsatzen dut ere nire inguruko eta herriko jendearen morfologia nireganatuta dudala, eta hori islatuko dela nolabait,  baina ez da inolaz ere era kontzientean edo nahita egiten dudan zerbait.

Herri honetan jende zelebrea ere badago, eta batzuetan egin izan dut, baina nik egiten dudana ez da inoiz erretratu zuzen bat. Askotan, gainera, pertsonaiak marrazteaz gain, egoerak jaso nahi izaten ditut. Oraingo honetan, esaterako, elkarrizketa asko daude.

Elkarrizketetan askotan tokatzen zaigu itxura bat eman beharra, eta askotan ere sumatzen duzu bestea ere itxura bat ematen ari dela. Nik batzuetan sumatzen ditudan egoerak marraztu ditut, baina ez zehazki nire inguru hurbilean, ezta pentsatu ere.

Beraz, zer topatuko du Okendora hurbiltzen den bisitariak?
Gizartearen erretratu bat. Pertsonaiak, baina pertsonaia estereotipoak, nolabait esateko. Telebistan agertzen diren goi politikako eta auzi gorenetako jendea, boterea duen jendea, gizatasunik gabeko jendilajea, gugan eragin handia duena.

Eta haien arteko elkarrizketak…
Bai, gutaz hizketan ari diren bitartean, azpijokoetan, gure etorkizuna erabakitzen, baina gu gabe.

Komikien traza dute zure lanek. Komiki zalea zara?
Gustatzen zaizkit, baina ez naiz bereziki zalea. Gertatzen dena da komikietan ere marrazkia oso zuzena dela, marrazkiak oso bat-batekoak direla eta oso trinkoak. Zentzu horretan, bada bai, egon daiteke parekotasunik.

Estilo aldetik ere, marrak badu garrantzia, eta marrazkia da oinarria, komikietan bezala. Marrazkia da gehien nabarmentzen dena, eta kolorea gehigarri bat da, komikietan gertatu ohi den bezala. Zentzu horretan bai.
Nire lanak oso biluziak dira, batez ere azkeneko erakusketa honetan. Baditut beste lan batzuk non koloreak garrantzia gehiago duen, baina azken hauetan, parekotasun bat egon daiteke. Hala ere, nik komikitik gertu daudela esan baino, nabarmenduko nuke marrazkia dela oinarria, koloreak gehigarri bat direla, eta berehalakotasuna.

Eta beste arte adierazpideen eragina baduzula esango zenuke? Musika, zinea, publizitatea…
Bai, nik uste dut kasu honetan publizitatearen eragina igarri  daitekeela. Lan batzuk kartel itxura dute, edo itxura hori hartu diet nik behin lanak bukatuta. Formatuarengatik, zineko kartel klasikoak edo politikako lehenagoko eta betiko kartel horien antza dute lan batzuek, non irudia dagoen eta ez dagoen fondorik. Ikuspegi horretatik bai, badago eragin bat. Kartelak asko gustatzen zaizkit.

Arte Ederretan lizentziatu zinen, Bilbon,  grabatuen espezialitatean. Aitzitik, ez da gerora gehien landu duzun arloa.
Ez, egia esan oso gutxi landu dut, baina nik ikusten dut nire sorkuntza honetan grabatuak baduela toki bat, trazuaren, marraren, marrazkiaren zentzu horretatik, grabatu kalkografikoarena alegia.

Orain baino lehen erakusketa indibidual eta kolektibo batzuk  egin dituzu. Zuretzat zein izan da orain arte esanguratsuena?
Bada, une honetan, hau, Jendea eta jendilajea, uste dudalako egin ditudanetan orain arteko lanik osoena dela. 31 lan inguru dira, urtebetean sortuak.

Nahiz eta aspaldi erakusketarik ez dudan egin, beti nago lanean eta sortzen. Iazko urtarrilean lagun batek deitu zidan, Bilboko bere tabernan erakusketa jartzeko eskatuz. Aurretik ere erakutsi izan ditut nire lanak han, oso gustura beti. Aitzakia horrekin marrazki hauek egiten hasi nintzen, eta konturatzerako banuen nahiko materiala erakusketa potoloago bat prestatzeko. Okendon eskaini eta baietza eman zidaten.
Askotan pasatu zait sortzen joan naizela, baina lanek ez dutela batasun nahikoa izan erakusketa bat osatzeko. Kasu honetan, zentzu horretan, batasuna duten lanak dira. Ni oso kontent nago emaitzarekin.

Zu pozik zaude beraz, baina nola nahiko zenuke aretorik irtetea zure erakusketa bisitatzera doana?
Gustatuko litzaidake jendeari interesgarria iruditzea, ulertzea  nire marrazkien bidez egin dudan irakurketa, horixe nahiko nuke batez ere.

‘12 cm’ erakusketa etzira arte ikus daiteke San Pedron

200dik gora artistek landutako 400dik gora miniaturazko artelan ikus daitezke igandera bitartean San Pedroko Udal Aretoan, eta tartean dira, baita ere, Borja Arratibelen bi lan. Behin baino gehiagotan parte hartu du 12 cm erakusketa kolektiboan Arratibelek,  eta asko gustatzen zaiola dio, «aitzakia polita izaten delako gauza desberdinak egiteko». Horrez gain, erakusketaren izaera zabala estimatzen du, nabarmendu duenez, «edozeinek parte har dezakeelako».

Aurten «bi jolas» eraman ditu Arratibelek 12 cm erakusketara: Glory hole, « hitza eta irudiarekin jolastuz», eta Bi lagun, azken honekin baita ere jolas bat proposatuz.

Artelanen tamaina. Horixe da 12 cm erakusketan ikusgai diren lanen ezaugarri nagusia, neurri horixe dutelako muga sortzaileek. Berezitasuna erakargarria suertatzen dela dio Arratibelek: «Normalean zure lanak ezin dituzu tamaina horretara murriztu eta egokitzapen horretan jolastu egiten duzu, eta dibertigarria da» .

Sortzaile sanpedrotarraren  zein gainontzeko artisten lanak ikusteko azken aukerak Pasaian, gaur eta bihar 18:30etik 20:30era, eta etzi,  11:30etik 14:30era. Pasaia utzita Hendaiara lekualdatuko dute erakusketa.

Galeriako irudietan, inaugurazioko argazkiak, Beñat Arizmendirenak dira.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend