EH Bilduk “lotsagarritzat” jo du Zirizako auzia

PlenoaEH Bilduren iritziz “lotsagarria eta umiliagarria” da Portuak udalari Zirizaren erabilerarengatik kobratu nahi izatea “PSE-EEk eta EAJk legealdian egin dizkioten kontzesioak” kontuan hartuta. Zentzu horretan,  gobernu taldeari, Trintxerpetik toporako bidearen proiektuaren aldaketa herriko interesen kontra onartu izana leporatu dio.

Horrez gain, koalizio abertzaleak gobernuaren gardentasun eza salatu du beste behin, eta “bereziki larritzat” jo du auzi honen berri hedabideen bitartez jaso izana.

EAJren eta PSE-EEren erantzuna, bestalde, ez da EH Bilduren gustukoa izan. Izaskun Gomez alkateari egoeraren larritasunaren mailan ez erantzun izana leporatu diote eta EAJri, zuzenean, gezurretan aritzea: “EAJ izan da aitortu duena ‘Portu Agintaritzak ez duela elkarrizketarako borondaterik’. Marka da hau nork eta Nahikari Oterminek esatea, EAJko bozeramaile eta Portuan Jaurlaritzaren ordezkaria izan denean, hots, Ricardo Peña Portu Agintaritzako presidente jarri zuenaren ordezkari izana alegia. Zein engainatu nahi dute?”, galdetu dute.

Azkenik, Ziriza herritarrek kudeatu dezatela eskatu dute: “Ziriza pasaitarrona da eta herritarrek kudeatua izan behar du, eta halaber, La Herrera pasaitarrona da eta herritarron zerbitzura behar du”.

EH Bilduren ustez, Zirizako auzia EAJ eta PSE-EEren arteko gobernu akordioaren “ondorio lazgarri bat da”, eta ez bakarra. Zaku berean kokatu dituzte lonjako lanen etetea, eta kaiko Herreran biziberritzeko martxan diren lanak, Herrera eta Trintxerpe artean eraikiko duten “aldapa” gero eta ikusgarriagoa dela salatuz.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend