Bidea eteterik ez dute lortu
18/98 makrosumarioak elkartu zizkien bideak, eta «sufrimendu handia» eragin, baina auziak helburua ez zuela bete diote. Gizartearen inplikazioa areagotzea ezinbesteko jo dute presoen gaian.
«Gurekin ezarri zituzten salbuespen neurriak orokortu egin dituzte» Joxean Etxeberria 18/98ko auzipetua «18/98 astakeria izan zen, eta gobernuak erokeriak egiten jarraitzen du» Maite Mendiburu 18/98ko auzipetuaBeldur hori gainditzeko gaitasuna duen gizartea da gakoa Etxeberriarentzat, «eta hemen badugu indar hori batu eta berriro aurrera egiteko gaitasuna, hori da garrantzitsuena aurrera begira». Zatiketak eragiteko ahaleginak gainditzea da beste gakoa Alegriarentzat, «herri indarrak, antolakuntza propioak ez duela zilegitasunik sinestarazi nahi digute instituzioetatik. Sakabanatuta nahi gaituzte, ‘ahaztu ezazu zer gertatzen zaion gazte mugimenduari, edo migratzaileei, zu bertakoa zarelako; edo euskaldungoari zu elebiduna zarelako; edo emakumeei, zu ez zara emakumea eta…’; zatikatuta nahi gaituzte, zatikatuta beti menperatu gaituztelako. Bateratasunaren balioa, eta ausardia sikiera amestearena, dezente indartuta atera zela 18/98tik uste dut, Euskal Herrian eman zen elkartasunari esker». Eta jasotako elkartasun eta babesaz hitz egin du Mendiburuk, «jendea izugarri bolkatu zen gurekin, izugarria izan zen. 18/98 astakeria izan zen. Gobernuak erokeriak egiten jarraitzen du. Aurrera urratsak egin dira, baina, kontuz nola mugitzen zaren, norekin, eta zein pausu ematen dituzun». Bi hamarkada geroago, Espainiako Estatua ez dela aldatu diote, «ukazioa, espetxe sakabanaketa, eta mendeku gosez ekiten jarraitzen du, hori da irauteko duen modu bakarra ezin duelako bere proiektua egonkortu, ezin gaituelako azpiratu, eta jakina, horrek min pertsonal eta politikoa ere eragiten du». Ikasketarako ere balio izan du, ordea, «ezker abertzaleak ezberdinekin gehiago lan egiten, arrazoia osoa ez edukitzen, gure interes propioak zabalagoekin birmoldatzen ikasi du» dio Alegriak. Erresistentzia klabetik ateratzea ekarri duela dio Iparragirrek, «aro defentsiboa atzean utzi dugu, eta orain beste egoera batean gaude, aukera gehiago ditugu». Oraindik ere, gauza asko ikasteko dituztela onartuta, herria elikatu beharra dagoela diote, «era positiboan, antolatu eta herriarekin modu zabalean konektatu beharra dago.Ezker abertzalea tresna dela ulertu behar da, ez helburua, eta garrantzitsuena ez da nola nagoen ni, baizik eta zer nolako haziak ereiten eta zer nolako ateak irekitzen diren. Garesti samar ateratzen da, baina bizitzeko molde bat da, benetan merezi duen bizitza bizitzeko». Borroka berriak Egungoa beste mundu bat dela diote, eta borroka berriak sortzen ari direla, «oso interesgarriak». Sistema kapitalistak kolpatze sozial ikaragarria darabilela diote, eta horri beldurra, zahartzea, prekarietatea eta menpekotasunak gaineratu behar zaizkiola, «une honetan, autokontzientziatik ari da borrokatzen, bizitza bera eta borroka politikoa uztartuago daude, baita proiektu pertsonal eta politikoak ere, eta feminismoaren ekarpenak eta kulturgintza deszentralizatua nabarmentzekoak dira». Horien aurrean zatiketa darabilela estatuak esan du Alegriak. Ipar Euskal Herrira begira jarri da lezoarra, «azken 200 urteetan Frantziako Errepublikaren barruan Euskal Herriak ez du izan arnas propio bat gaur duena baino indartsuagorik. Eta Euskal Herrian, oro har, zazpiak bat termino estrategikoa, ekonomikoa eta ideologikoa da; euskarak garrantzia du aurrerakoiak diren feminismo, gaztedi edo kulturgintzan. Ez dut esan nahi horrekin ezberdinak izanagatik hobeak garela. Proiektu politiko gisa, zer nolako jendartea eraikitzen ari garen nabarmendu nahi dut, eta hori erakusteko nahikoa da elurtearen harira, Segoviako krisi kabinetea eta Altsasuko esperientziaren artean konparaketa egitea. Altsasun erakutsitakoak benetako balore politikoak dira».
«Aro defentsiboa atzean utzi dugu, eta orain beste egoera batean gaude» Imanol Iparragirre 18/98ko auzipetua «Ez dago proiektu askatzailerik, sustraitu gabe eta nortasunik gabe» Xabier Alegria 18/98ko auzipetua «Bihotz ondoan kilimak eragingo dituzten alternatibak behar ditugu» Manu Intxauspe 18/98ko auzipetuaErronka orubea altxatzea da orain Iparragirrerentzat, eta hori nola egin, gakoa. Argi du: «Gazteak, ez hain gazteak, jubilatuak, langileak, herri dinamikak, enpresariak dira beharrezkoak herri gisa irauteko. Herri proiektuari begira, berdindu egiten gara, eta ez da hainbeste begiratzen EH Bildukoa zaren, EAJkoa edo independentea. Hori da Euskal Herria proiektua». Gauzak ez direla bakarrik etortzen erantsi du, «lan egin beharra dago, zerutik harriak erortzen direlako eta errekaren bestaldetik, are gehiago». Hesien garaia amaitutzat eman du, bestalde, Etxeberriak, «hesiak eraikitzea ezer gutxirako balio digula ikasi dugu, babestu baino, oztopo bihurtzen direla». Harago joan da Intxauspe, «horma jartzearekin agian gizartea oxigenorik gabe utzi dugu, nekatu dugu». Horren harira, Euskal Herrian 50 urteko ziklo baten «nekea» dagoela aitortu du Alegriak, «horrek utzi dituen zauriak, ilegalizazioen mina, inkomunikazioak sortutakoa… bada jende bat ahaztu duena nola egiten den ezberdin pentsatzen duenarekin, aldaketarekin minduta dagoena, baina pasa beharreko zikloa da perspektiba estrategiko batean, herri bezala mugimendu politiko bat, herri proiektu bat badagoela esateko». Sustraitzea ezinbesteko Sustraietara jo dute. Sustraiak ezinbesteko baitira haien iritzirako, «ez dago proiektu askatzailerik, sustraitu gabe eta nortasunik gabe. Ez bazara sustraitzen, prozesu askatzaileen turista, bidaiaria bilakatzen zara. Bizitza osoa eskatzen duten proiektuak dira eta hortik gatoz gu, bizitza osoa jokoan jartzetik gatazkan. Datorrena, berriz, bizitza, sortzeari eskaintzea da, eta hori dezente interesgarriagoa da». Belaunaldi gazteei ere erreparatu diete, eta bide berriak asmatzen ahalegin handia egiten ari direla dio lezoarrak. Haiei begira, erreferentzia berrien beharra nabarmendu du Intxauspek, «eta bihotz ondoan kilimak eragingo dituzten alternatibak». Gazteek beraiek aktibatu behar dutela uste du, gainera, Iparragirrek, «ari dira mugitzen. Askotan ez dut ulertzen zer egiten duten, eta ulertzen ez dudanean poztu egiten naiz, ondo doazela uste dudalako». Gazteen artean, globalizazioaren eraginez, herriaren izaera galtzen ari ote den susmoa du Etxeberriak, «ezkerreko ikuspegi modernista baten izenean nazioen borrokak gutxiesteko jarrera bat badago, eta zorroztasun guztiarekin aurre egin behar diegu, hemen herriak daudelako, gurea, herri bat delako».