Itsaso Perez Arozenaren gutuna: “Nork espekulatzen du Arramendirekin?”

Arramendi gure herrian urbanizatu gabe geratu den eremu bakarra da. Hiri-parke bihurtuta, Errenteriaren birika berdea dela esan dezakegu. Dena den, azken urteotan, poliki-poliki, eremuak kendu dizkiotela ikusi dugu, gero eta txikiago utziz.

Gaur egun, Arramendin eraiki nahi duten lursail bat, Lousada kaleko etxe adosatuen jarraian, parkerako sarreraren ezkerrean dagoena hain zuzen, duela gutxira arte Udalarena zen. 2007an, Gaztaño Berri Eskuhartze Unitatearen partzelazioan, bertan zituen lursailengatik, Udalari lursail honetan salmenta libreko 20 etxebizitza eraikitzeko aprobetxamendua eman zitzaion. Hala ere, 2017an enpresa pribatu batek leku honetan etxebizitza bloke bat eraiki nahi du, gure herrian etxebizitza-beharra duten pertsona gehienen eskura ez daudenak izan ere. Nola eman daiteke egoera hau?

Udal honek aipatu lursaila eta eraikitzeko eskubidea saldu ditu (hitz ofizialetan trukatu); horren truke aurrean, agustindarren komentuan dagoen beste lursail bat eta, ordain gisa, 500.000 eurotik gora jaso ditu. Ez dugu legez jokatu duela zalantzan jartzen. Baina, lursail honen erabilera publikoa defendatzeko borondate politikorik ez duela izan ere ez dugu zalantzan jartzen, udalak uko egin baitziezaiokeen aprobetxamendua gauzatzeari eta Arramendi parkea dagoen bezala uzteko aukerari heldu.

Arramendin, Udalak interes pribatuen alde jokatu du, lur publikoa elkarte pribatu bati salduz. Horri esker, elkarte pribatu honek etorkizun ekonomiko gutxiko ekipamendu komunitarioa duen lursail bat utzi du eta luxuzko etxebizitzak eraiki eta etekin handiak izango dituen lursail bat eskuratu du. Operazio urbanistiko honetatik herritarrok jasotzen dugu kalte, Arramendi parkea, gure herrian dugun birika berde bakarra, pixkanaka txikitzen ari direla ikusten baitugu. Ez al da hau espekulatzea?

Itsaso Perez. Arramendi Bizirik. Errenteria-Orereta.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend