Pentsioen etorkizunaz, norberak berea

Oihane Oronoz

Herritar eta zinegotziek, guztiek agurtu zuten Oihane Oronoz bere azken udalbatzarrean.

Pentsioen sistema publikoaz eztabaidatu zuten atzo, talde politiko guztiek, urtarrileko ohiko plenoan. Arrazoia: Pasaiak Ahal Du-k aurkeztutako mozioa. Koalizio morearen testuak, baina, ez zuen babesik bildu. Aitzitik, EAJk eta PSE-EEk norbere aldetik mozio alternatiboak aurkeztu zituzten.

EH Bilduk guztiei abstentzioarekin erantzun zien, eta gainontzeko taldeek norberarena defendatu zuten, baina besteen babesa lortu gabe. Ezustean, baina, EAJko zinegotzi batek PSE-EEren mozioa bozkatzeko orduan kontra bozkatu ordez, abstenitu egin zen, eta horri eskerrak PSE-EEren mozioa atera zen aurrera.

Oihane Oronozen agurra

Atzoko plenoan protagonista, azken bi legealdietan EH Bilduren zinegotzi izan den Oihane Oronoz izan zen. Zinegotzi kargua utzi du Oronozek, eta bere zergatien berri eman zuen atzo “euskara hutsez” , eta “herria euskalduntzeko benetako pausuak eman daitezen” aldarrikatuz.

Udalean izan duen ordezkaritza utzi, baina “herrigintzan” lanean jarraitzeko asmoa duela azaldu zuen Oronozek, “euskal preso, iheslari eta errefuxiatu eta deportatuen etxeratzearen alde lanean, feminismotik, eta euskalduntzearen borrokatik”.

Pozik doala esan zuen, gauza asko ikasi dituelako, eta bidelagun asko izan dituelako. Denei eskertu nahi izan zien, publikoki, laguntza.

Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandio ere gogoan izan zituen Oronozek bere agurrean, eta beren konpromisoa eta inplikazio eskertu zien biei. Azkenik, Juanba Berasategiren hitzak bere eginez agurtu zituen korporazioko kide denak.

Izaskun Gomez alkateak, bere aldetik,  Oronozi “herriaren alde egindako lan zintzoa” eskertu zion, eta “berak pertsonalki Udalbatzan bere hutsunea asko igarriko duela” aitortu nahi izan zion publikoki.

Portuaz eta Ricardo Peñaren kargu uzteaz

Oronozena ez zen izan atzoko plenoan Izaskun Gomez alkateak egin zuen agur publiko bakarra. Alkatetzaren gestioen berri emateko tartea baliatu zuen alkateak orain gutxi arte Portu Agintaritzaren buru izan den Ricardo Peña agurtzeko. “Eztabaidarako beti agertu dion prestutasuna” eskertu zion Gomezek Peñari, eta “interes talkak izan direnetan  udalerriaren alde” egin izana eskertu zion.

Modu berean, harekin izandako azken bileran biziberritzeari lotutako kontuetan Portuak askoz ere jarrera aktiboagoa hartu beharko lukeela esan ziola jakinarazi zuen. Norabide berean, Portuak Pasaiako Udalari Zirizako eraikina doan utzi beharko liokeela eta horretarako aukerak egon badirela defendatu zuen alkate sozialistak.

Donibaneko Bibliotekaren Lagunek, kontu eske

Gai zerrendatik kanpo, atzoko beste gai nagusienetakoa, udal bibliotekak.  Azken legealdian izan diren murrizketengatik kezka agertu zuen oposizioak.

Donibaneko Bibliotekaren Lagunak taldeko hainbat ordezkari plenoan izan ziren baita ere, eta Arantxa Sagarzazuk hartu zuen hitza haien kezkak plazaratzeko: “Zertarako nahi dugu halako eraikin dotorea gero ez badakigu kudeatzen?”. Donibaneko liburuzainak herritarrekin elkarlanean landu duten proiektua bere egiteko eskatu zien, eta harekin aurrera egitera animatu.

EH Bilduk, bere aldetik, Donibaneko bibliotekak  noiz arte jarraituko duen itxita eta zabaltzen dutenean zein baldintzetan zabalduko duten galdetu zuen, eta oraingoz data bat zehazterik ez dagoela erantzun zuen kultura zinegotzi Mirian Canok.

Horrez gain, Donibaneko liburuzainaren jarduna biblioteka berria zabaltzean %60koa izango dela aurreratu zuen. %40koa du gaur gaurkoz.

Oihane Oronozen agurra

 

 

 

 

 

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend