Gutuna: "Arramendiko prozesuaz argibideak"
Idatzi honen sinatzaile garenok, Arramendi, parke bat baino askoz gehiago prozesuan parte hartu dugun heinean, behartuta sentitu dugu gure burua prozesuan bizi izandakoa eta bertatik eratorritako ondorioak publiko egitera. Izan ere, azken asteotan publiko egin dira prozesua kritikatu eta ezbaian jarri duten hainbat iritzi eta gutun; gure iritziz egiazkoak ez direnak eta prozesuaren errealitatea islatzen ez dutenak.
1.- Lehen batzarrean argi adierazi zen prozesu honen helburua parkearen etorkizuna eta erabilera adostea zela. Berau hutsetik abiatzen zen xede oso zehatz batekin: Arramendi eremua blindatzea eta babestea. Era berean, adierazi zen, aurrez adostutako eraikuntza konpromisoak kontuan hartuta abiatzen ginela. Parte hartzaile batzuk gaiaren jakitun baginen, beste batzuk ez. Azken batzarrean oso argi adierazi zen zeintzuk diren parkearen mugak eta berau barnebiltzen duen sektorearen izena: Arramendi, 36 sektorea; parkearen etorkizuna definitzeko garaian kontuan hartu beharreko datu garrantzitsua. Lehen batzarretan gaiaz sakon hitz egin ez bazen ere, prozesuaren amaieran errealitate honen inguruko azalpen eta informazioa oso modu argian helarazi zitzaigun.
2. – Parte hartzaile guztiek izan dugu nahi beste informazio jasotzeko aukera, formatu digitalean zein paperekoan.
3. – Ulertzen dugu gure ekarpenak, parte hartzaile guztion artean kontsentsuatu behar izan ditugunak, kontuan hartuak izan direla eta momentu honetan azken dokumentuari dagokiola erabakitako esku-hartzeak noiz eta nola burutuko diren zehaztea.
4. – Prozesuan parte hartu dugun gehienok Arramendiren inguruan bizi gara, edo bertan egin izan dugu bizitza. Parkearekiko sentipen hurbila dugu, bertan iniziatiba indibidual zein kolektiboak burutu izan baititugu urteetan zehar. Sentipen horretatik abiatuta, prozesuaren emaitzek ase gaituztela adierazi nahi dugu, bereziki urbanizazio prozesuei amaiera irmoa ezartzen zaielako.
Amaitu nahi genuke esanaz prozesuaren bertute handiena babestea lortu dela: espazioaren blindatze sozial bat lortzea, dagoeneko adostuta dauden eraikuntzetatik harago, urbanizazio prozesu gehiago burutu ez dadin. Izan ere, egun abian dauden eraikuntzak aurrez hartutako erabakietan oinarritzen dira. Orain, prozesuan zehar adostutako neurriak Plan Orokorrean barnebiltzea da helburua.
Idatzi honen bidez, Arramendiren gaia itxi eta etorkizunean ekarpenak positiboan egin daitezen nahi genuke. Era horretan, prozesuan adostutakoa bete dadin. Bizilagun guztiok espazio honetaz gozatzen jarrai dezagun da gure nahia, erabaki berri hauen ondorioz, berme handiagoekin gainera.
Sinatzaileak: Iñigo Salaberria, Aitor Sanz, Jon Iparragirre, Ibone Catelin, Bernardo Iparragirre, Joseba Unsuain, Guillermo Millan, Juan Mari Mugeta, Maider Mutuberria, Iñaki Sesen, Toñi Redondo eta Paki Moreno.