Intxixu, Basandre eta Sorginena da herria
Ihoteak hasiko dira gaur, Kataxulotik helduko dira Intxixu, Basandre eta Sorginak. Jatorrietara itzulera aldarrikatuko duen herri festak kolorez, ohituraz eta jakinduriaz beteko du Oiartzun etzira arte.
Francoren diktadurak desagerrarazi zituen garai bateko IhoteakIhoteak kulturalki «oso aberatsak» diren zalantzarik ez du Badiolak. Franco aurretik ospatzen ziren Oiartzunen, eta haren diktadurak, beste hainbat lekutan bezala, desagertzea ekarri zuen. 1989. urtean berreskuratu zituzten, eta herriko helduenengana jo zuten galdetzera nolako inauteriak egiten zituzten. Aiton-amonak Ihoteez hitz egin zieten, ihote baltsa dantzatzen zutela eta puxka biltzen aritzen zirela kontatu zieten. Haiek hartu, eta egunetik egunera indartsuagoa den festa bihurtzen ari da Ihoteena. Arrakastaren arrazoia Intxixu, Basandre eta Sorginak herrian urtean behin baino ez direla azaltzen izan daitekeela dio Badiolak, «urtean behin egiten da jaia eta Intxisu, Basandre eta Sorginak asteburu honetan baino ez dira jaitsiko. Berezia da Ihoteen asteburua, beraz. Haiek mendian bizi dira gainontzeko egunetan, eta hori transmititzen dugu». Burrunba Ihoteak deitzeko Horrekin batera, ikusleak aipatu ditu oiartzuarrak, zein beste herrietatik biltzen diren lagunak, «Intxixu, Basandre eta Sorginek hartu-emana dute herritarrekin, eta hartu-eman hori ezberdina da urtetik urtera, ikusleek egiten dute, beraz, jaia ezberdin». Gaur arratsaldean haurrak izango dira protagonista, burrunba egingo dute Ihoteei deia egiteko, eta azeri eta sorgin dantzak egingo dituzte ondoren plazan. 19:30ean helduko dira Intxixu, Basandre eta Sorginak Done Eztebe plazara, eta zuziekin sua piztuko dute plaza erdian, «sua protagonista da —azaldu du Badiolak— eta piztuta izango da igande arratsaldean Ihoteetako pertsonaiek berriz ere zuziak piztu, plazako sua itzali eta Kataxulora abiatzen diren arte». Oiartzungo zortzi auzoetako banderak kanaberan lotuta, udaletxeko balkoian jarriko dituzte. Une horretatik haiena izango da herria, eta ostirala eta igandeko ekitaldietan bai, baina asteburu osoan edozein lekutan azalduko dira Intxixu, Basandre eta Sorginak, «bihar kuestazioan ibiliko da bateren bat, bidegorrian, futbol zelaian, liburutegian, edo autobus publikoan. Asteburu osoa da beraiena». Jentila eta humanoa Intxixuen itxurarekin beldurtzen direnak lasaitu egin ditu Badiolak, «basatia eta beldurgarria den itxura apurtu nahi dugu. Intxixua oso jentila da, oso humanoa, oso goxoa, zirikatzailea eta bizia, baina batez ere humanoa» Biharkoa kuestazioaren eguna izango da. Auzoz auzo etxe atarietaraino eramango dute jai herrikoia dantza eta musikak lagunduta. Girotu bai, baina harago ere badoa kuestazioa. Izan ere, auzo bakoitzak bere erratza du, ez nolanahikoa gainera, espiritu txarrak urte osorako uxatzeko gai delako: «Auzo bakoitzeko atarietan erratza pasatzen dute kuestazioan dabiltzanak, dantzatzeaz gain. Espiritu txarrak uxatzearen truke, etxe eta baserritakoek zer edo zer ematen diete». Kuestaziora herritar ugari biltzen direla azaldu du Badiolak, «haur, gazte eta heldu. Orotara 400 bat lagun arituko gara». Ondoren, auzo bakoitzekoak beren txokotan elkartzen dira bazkaltzera, eta arratsaldean, berriz, auzo guztietakoak plazan jaiarekin jarraitzeko. Hiru dei egin ditu Badiolak: antolatzaileen aholkuei kasu egin segurtasuna bermatzeko; eta zakuz janzteko, «geroz eta gehiago badira ere animatzen direnak, gehiago izatea nahi dugulako herri festa hau handitzen eta barrutik bizitzen laguntzeko». Azkena, nola ez, gozatzea. Egitarua Gaur, ostirala
- 16:45. Burrunba Beheko Plazako biribilgunetik.
- 17:30. Txokolate jatea Done Eztebe plazan.
- 19:00. Azeri eta sorgin dantzak.
- 19:30. Intxixu eta Sorginek plaza hartuko dute. Ondoren poteoa, denak zakuz jantzita.
- 09:00. Auzoetan kuestazioa poxpolinez jantzita.
- 14:30. Bazkaria auzo bakoitzeko elkartean.
- 18:00. Kuadrillak plazan elkartuko dira.
- 19:00. Eonean elektrotarangarekin poteoa.
- 09:00. Diana txistulariekin.
- 11:00. Karroxa Elorsoron.
- 19:00. Intxixu eta Sorginei agurra. Ondoren suzko akerra.