Arramendi parkea 15.000 metro koadro handiagoa izango da

arramendi

Arramendiko parkearen etorkizuna argitu nahi dute prozesuan.

Errenteriak duen parke garrantzitsuena da Arramendikoa (36. sektorea), eta horretaz jabetuta, prozesu parte hartzailea abiatu zuen udalak duela hilabete batzuk. Helburua, parke horren etorkizuna eta identitatea zehaztea: “Adostasun politiko eta sozial nahikoa lortu nahi genuen, planaren alderdi naturalena blindatu ahal izateko”.

Prozesua amaituta, “gogobetegarria” izan dela esan du udalak, auzo elkarte, kirol eragile zein norbanako “gehienentzat”, izan ere, ez omen da izan horrela guztientzat. Horrenbestez, prozesua amaitutakoan, udalak babestu nahi zuen Arramendi 36 sektorearen esparrua hasierakoa baino handiagoa izango da, “parkeak orain baino 15.000 metro koadro gehiago izango baititu”, esan dute. Prozesuan parte hartu duten eragile guztien konpromisoari esker izan dela posible zehaztu du gobernu taldeak, “beraien borondate onez hain beharrezkoa den kontsentsu soziala eraiki dutelako. Horrekin batera, gobernu taldeak konpromiso sendoa erakutsi du parkearen kanpoaldeko eremuak integratzeko, parkea handiagoa izan dadin”.

Aurrez hartutako akordioak errespetatuko zirela lehenengo bileran argi utzi zutela erantsi du gobernu taldeak, eta horrela, gazteentzat diren 51 zuzkidura bizitokiak Eusko Jaurlaritzarekin 2008an egindako hitzarmen batetik datozelako onartu zirela azaldu dute, eta hitzarmen horri 2010ean talde politiko guztiek eman ziotela babesa, “horiek dira 36. sektorearen barruan kokatutako bakarrak”. Eusko Jaurlaritzarekin eta sailburuordearekin harremanetan jarrita, bizitoki horiek lekuz aldatzen saiatu dela esan du, bestalde, Arramendi sektoretik kanpo kokatu daitezen.

Arramendi parkea handiagoa izango da, baina ez da hori eremua babesteko hartutako erabaki bakarra, “hainbat konpromiso hartu ditu udalak bere gain”. Horien artean, hirigintza araudia egokituko du parkea babesteko eta gotorlekua berreskuratzeko konpromisoa hartu du. Iluminazio inteligentearen proiektua idatzi eta gauzatuko du, eta barrera akustiko eta bisualak jarriko ditu autobidean zehar. Espazio horretan dagoen kantinaren erabilera birformulatzeko konpromisoa ere hartu du udalak, eta azkenik, Gaztañoko ospakizunen espazioa ere mantenduko du.

Prozesu osoa biltzen duen dokumentua prozesuan parte hartu duten eragile eta norbanako guztiei helaraziko die udalak datozen egunetan, eta webgunean ere jarriko du, “orain arteko izaera gardena mantentze aldera”. Bihartik aurrera izango da hori.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend