Orereta Ikastolak antolatuta hartuko ditu Errenteria-Oreretako kaleak Inude eta Artzainen desfileak igandean (hilak 18). 200 haurrek eta 250 helduk osatuko dute desfile hori
Inudeak eta Artzainak konpartsak hartuko du kalea.
Orereta Ikastolak antolatuta hartuko ditu Errenteria-Oreretako kaleak Inude eta Artzainen desfileak igandean (hilak 18). 200 haurrek eta 250 helduk osatuko dute desfile hori, eta joan den mendeko irudi eta lanbideak utziko dituzte herriko kaleetan. Bertan izango dira noski inudeak, eta artzainak, baina ez dira faltako ere, alkatea eta emaztea, gotzaina, apaiza bere akolitoekin, medikua eta erizainak, mikeleteak, puxika saltzaileak, barkileroak, zapata garbitzaileak, piruleteroak, galleterak, sardinerak, arropa garbitzaileak, margolaria, lore saltzaileak eta okinak, besteak beste.
Garai batean menditik jaisten ziren artzainek eta hiriko inudeek elkarren artean neskatan edo mutiletan nola egiten zuten irudikatzen du ospakizun horrek.
Orereta Ikastolako ikasle, guraso eta irakasleak ez dira gainera, bakarrik arituko, Ereintza Elkarteko Txistu taldea, Iraultza Dantza taldea, Errenteria Musikaleko musikariak, dultzaineroak, trikitilariak, Amulleta elkarteko Danborraren Kofradia, Jose Mari Auto Klasikoak, eta dantzariek ere bat egingo dute desfilearekin.
12:00etan abiatuko da konpartsa Koldo Mitxelena plazatik eta herriko kaleetan barrena ibilita Zumardian fandangoa eta arin arina dantzatuko dute parte hartzaileek. Herriko plazatik egingo du buelta Koldo Mitxelena plazara konpartsak, ekitaldi nagusiarekin amaitzeko bertan.
Antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.
21 urte antolaketan
Orereta Ikastolak hogeita bat urte daramatza desfilea antolatzen. Lehen aldiz Donostian antolatu zuten Inude eta Artzainen konpartsa, 1885eko otsailaren 2an. Nahiz eta inude lanbidea oso arrunta izan sasoi hartan, gizonek baino ez zute orduan parte hartzen desfilean, emakumeei ez baitzitzaien uzten kale festetan protagonista izaten. 1912. urtera arte ospatu zuten desfilea. Urte hori eta 1977 urte artean, zenbait emanaldi antolatu zituzten Donostiako Antigua auzoan, Hernanin, Pasaian edo Altzan. Errenteria-Oreretari dagokionean, Ereintza elkarteak antolatu zuen 1979an eta 1980an. Geroztik ez zen emanaldirik egin, 1998an Orereta Ikastolak antolaketaren ardura hartu zuen arte. Ordutik, urtero-urtero, hutsik egin gabe antolatu du desfilea inuatrei asteburuaren ondorengo igandean.
Aurten ere, aukera paregabea eskainiko du Orereta Ikastolak, garai bateko jantziak eta ohiturak kalera ateratzeko.