Alaitz Saizar:”Kalitateari gero eta garrantzi handiagoa ematen diote Txinan”

LKS enpresak Txinako Shanghai Cityn duen enpresako zuzendaria zara. Zergatik jo du LKSk Shanghaira?
Ireki berri dugu bulegoa, urtarrilean. Berez, hemen eskaintzen ditugun zerbitzuak han plazaratzea da asmoa. Pertsonal arloan, formazioa eta garapena, eta horrez gain, produkzioaren prozesua eraginkorragoa egin asmoz, bikaintasun programak.

Horietatik aparte, Txinan enpresen sorkuntza bultzatzen dugu. Hau da, laguntzen ditugu enpresa berriak erregistratzen eta lizentziak-eta ateratzen.

Zerbitzu horiek denak zer daude, Txinan dauden euskal enpresei bideratuta, edo bestela?
Hasiko gara euskal enpresekin, pixkanaka. Baina enpresa asko daude munduan eta gerora atzerrikoetara jotzea ere bada asmoa.

LKSrekin hasi berria zara, baina urte batzuk dituzu jada Txinan. SPRIrekin ere aritu zinen han lanean.
Bai, beka batekin joan nintzen Txinara, Eusko Jaurlaritzak euskal gazteak atzerrian murgiltzen laguntzeko duen Beint programaren bitartez. Orduan aritu nintzen SPRIrekin, baina aurretik Txinan egonda nintzen, hiru urtez.

Zertara joan zinen Txinara? Karrera bukatu eta txinera ikastera joan nintzen. Sei hilabete egoteko asmoz joan nintzen, baina han geratu nintzen.

Egiguzu hango argazkia. Euskal enpresa asko daude gaur egun Txinan?
Bai. Duela urte batzuk euskal enpresa askok jo zuten hara, baina egia da egoera asko aldatzen ari dela azken urteetan. Jada ez da hain merkea han produzitzea, txinatarren soldatak igotzen ari direlako. Produkzioa merkea zelako hara joan ziren euskal enpresak itzuli egin dira, baina beste asko han daude, haien merkatua Txina delako, eta han egon behar dutelako. Hura merkatu oso handia da eta saldu nahi baduzu Txinan egon behar duzu.

Etorkizunean enpresa gehiagok hara joko dutela uste duzu? Bilakaera goranzkoa izango dela aurreikusten duzu?
Ez dakit. Txina ez dakit nora joango den. Aspalditik ari da hazten eta noizbait ere iritsi beharko du gorenera.

«Hura oso merkatu handia da; saldu nahi baduzu Txinan egon behar duzu»
«Produkzioa merkea zelako hara joan ziren euskal enpresak itzultzen ari dira»
«Lehen, han, dena zen merke eta fake, baina hori dezente ari da aldatzen»

Zure ustez zeintzuk izan dira Txinaren hazkunde ekonomikorako gakoak?
Asko dira, eta nahi dutena ekoizteko gai dira. Hala ere, gauzak asko aldatzen ari dira han. Lehen ez zuten kalitateari begira lan egiten, eta gaur egun, kalitateari gero eta garrantzi handiagoa ematen diote Txinan. Lehen, han, dena zen merke eta fake (faltsua, imitaziozkoa), baina hori dezente aldatzen ari da.

Horrez gain, teknologikoki askoz aurreratuagoak daude. Guk, han, dena mugikorrarekin ordaintzen dugu. Denetarako erabiltzen dugu mugikorra.

Hemen oso uste zabaldua da hango hazkunde ekonomikoa eskulan merkearen bizkarrera lortutakoa dela.
Eta hala izan zen garai batean. Munduko estatu guztiak joan ziren hara produzitzera.

Eta zergatik uste duzu hori aldatzen ari dela?
Gobernuaren erabakia izan da. Pentsaera hori aldatu nahi du. Merke eta fake jada ez da existitzen. Txinan ere kalitatea badagoela frogatu nahi dute.

Ingurumenari dagokionez, Xi Jinpingek [Txinako presidentea] ere apustu sendoa egina du. Eta egia esan, bazen garaia. Politika berrien ondorioz enpresa batzuk arazoak dituzte, garai bateko ‘denak balio du’ horrek jada ez duelako balio. Legeak, iraunkortasunaren ikuspegitik, askoz ere zorrotzagoak dira gaur egun, bai behintzat Shanghai inguruan.

Eta zer moduz moldatzen dira euskal enpresak han?
Iruditzen zait askok uste dutela hemengo mentalitatearekin Txinan enpresa bat eraman dezaketela, eta ez dira konturatzen, hangoak txinatarrak direla, eta kulturalki ere beste era batera funtzionatzen dutela. Nik uste dut ez dela erraza.
LKS MCCren parte da, eta MCC da Txinan enpresa gehien dituen euskal taldea.
Parke bat du Shanghai ondoan. Kunshanen. MCCren enpresa asko hor daude. Pentsa! Baserri bat ere badago, eta deserriratu guztiak han biltzen dira. Ni orain dela gutxi egon naiz han lehen aldiz, eta asko harritu ninduen, hara sartu eta denak euskaldunak edo atzerritarrak direlako. ‘Txinatarrak non daude? Zergatik?’… asko harritu ninduen.

Euskal etxea bada Shanghain…
Bai, baina etxez aldatu dute eta ez naiz oraindik berrian egon.

Zuk hara jotzeko ohitura duzu?
Lehenengo hiru urtetan euskaldun bakarra ezagutu nuen. Ondoren SPRIn lanean hastean bai, joaten nintzen, eta orain LKSrekin ere joaten naiz Kunshan-go parkera zerbitzuak saltzera, baina ni gustura bizi naiz txinatarren artean.

«Saiatu behar dugu nahi duguna egiten edo izaten»

Matematiketan lizentziatu zinen, nahiz eta gerora zure ibilbideak zenbakiekin zerikusi gutxi izan duen.
Karreran nengoela hasi nintzen txinera ikasten eta oso argi nuen karrera bukatuta kanpora joan nahi nuela. Txinera ikasten nengoenez, Txinara joan nintzen.

Urte eta erdi baino gehiago aritu nintzen hizkuntza ikasten, Hangzhoun, eta gero lana bilatu nuen.

Zein izan zen Txinan zure lehen lana?
Txinera ikasi ondoren joan nintzen Jinanera, eta han nazioarteko merkataritzan aritu nintzen lanean, makinaria saltzen.

Zenbakiak soilik ez. Hizkuntzak gustuko dituzula ez dago zalantzarik.
Bai, asko gustatzen zaizkit, baina horrez gain, estatu batean bazaude, nik uste dut minimoa dela hango hizkuntza ikastea.

Baina, txinera soilik ez. Euskara eta gaztelania ez ezik, ingelesa eta alemana ere badakizkizu.
Txinan hiru urtez egon nintzen  eta bisa arazo batengatik itzuli nintzen Euskal Herrira. Lan bila nengoen bitartean marketingeko kurtso bat egin nuen eta alemana ikasten hasi nintzen.

Eta ondoren Txinara buelta. Pasai Antxok 5.000 biztanle ditu. Orain, berriz, planetako herrialderik populatuenean bizi zara, 20 milioi biztanle dituen hirian. Zer du horrek onetik eta zer txarretik?
Niri gustatzen zait, bakoitza berera doa, erabateko askatasunean. Horrez gain, jatorri askotako  jendea ezagutzen duzu, zugandik oso ezberdina. Horrek asko irakasten du. Aniztasunak aberastasuna dakar.

Txarra? Ilarak, jendetzak… baina nik pazientzia handia dut, eta ondo bizi dut hori. Hori bai! Ez baduzu pazientziarik, ez joan. Han dauden atzerritar askok hori oso gaizki bizi dute.

Zer da txinatar kulturatik gehien erakartzen zaituena?  
Bada… ez dakit. Jende askok galdetzen dit hori, eta ez dakit erantzuten. Ni han gustura nago, txinatarrak gustatzen zaizkit, oso abegikorrak dira.

«Egunen batean GKE bat eta ostatu bat zabaltzea gustatuko litzaidake»
«Estatu batean bazaude, nik uste dut minimoa dela hango hizkuntza ikastea»
«Bidaiatzen jarraitu nahi dut. Ipar Korea eta Iran izango dira»

Zein ate zabaldu dizkizu han txinatarrez jakiteak?
Haiek gehiago ezagutzeko aukera eman dit. Shanghain bertan agian ez duzu hainbesteko beharra, baina handik mugituz gero, erdialdera edo herri txikiagoetara joanez gero, behar duzu. Bidaiatzeko, adibidez, ezinbestekoa da. Nik ezagutzen dut jende asko mundu osotik bidaiatu duena, eta Txinan, hizkuntzarengatik, galduta ibiltzen dena.

Bidaiatzea ere asko gustatzen zaizu. Han zaudela bidaiatzen duzu?
Bai, orain hemen nago [Pasaian] bisaren kontu batengatik, baina han egongo banintz, bidaiatzen egongo nintzateke, oporretan egongo nintzatekeelako.

Ostiralean [otsailak 16] urte berria ospatuko dute han. Txakurraren urtean sartuko dira.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak arlo profesional zein pertsonalean?
Lan munduan argi dut. Oraintxe hasi naiz LKSrekin, printzipioz lau urterako, eta gogotsu. Lan talde txiki bat hasi gara eta hemendik urte batzuetara ekipo indartsua osatu nahiko genuke.

Pertsonalean, berriz, bidaiatzen jarraitu nahi dut. Iran eta Ipar Korea izango dira nire hurrengo jomugak. Ipar Korea munduko estaturik isolatuena da eta ikusi nahi dut han zer dagoen. Iranera, berriz, anaiarekin  joango naiz.

Horrez gain, egunen batean GKE bat eta ostatu bat irekitzea gustatuko litzaidake. 2016an Bangladeshko eremu pobreenetako batean egon nintzen oporretan. Han behar handia dute, bereziki hezkuntza arloan. Ondoegi bizi gara eta ez gara konturatzen.

Ez zara geldirik egotekoa, hori argi dago.  
Bizitza motzegia da konformatzeko, eta iruditzen zait konformista gehiegi dagoela munduan. Ez dut esaten erraza denik, baina gutxienez saiatu behar dugu nahi duguna izaten edo egiten. Nik beti esaten dut  gaur hilko banintz pozik hilko nintzatekeela egindakoarekin, baina jendeak?

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend