Pentsioen %0,25 igoera jakinarazteko bidali dizkieten gutunak itzuliko dituzte, eta horrekin ezinegona eta haserrea azalduko du Duintasuna elkarteak.
Duintasunaren hilabete honetako lehen asteleheneko manifestazioa.
Ostegunean hitzordu egin du Duintasunak. Herriko plazan bilduko dira 11:00etan eta bertatik Correosen bulegora joango dira. Helburua, pentsioen %0,25 igoera jakinarazteko bidali dizkieten gutunak itzultzea dute, eta horrekin ezinegona eta haserrea azaltzea.
Pentsiodunen eros ahalmena 2011 urtetik hona %6,5 jaitsi dela salatu zuen Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak hilabete honetako lehen astelehenean egin zuen elkarretaratzean, baita pentsio apalenak dituztenek jasotzen duten RGIaren laguntza ere. Azken horrek, %13ko jaitsiera izan duela esan zuten epe berean. Ez dira datu ezkor bakarrak. Pentsio erreformen ondorioz, %19 jaitsiko da pentsioen kalkulua egiteko erabiltzen den Oinarri Erregulatzailea, “orain arte 15 urte kontuan hartzen baziren, hemendik aurrera 25 urte hartuko direlako”.