Arramendi Parkearen gainean Santi Anguloren gutuna:
Parte hartzeko prozesu batean ez bada dagoen dokumentazio osoa agerian jartzen eta ez bada nola, zer eta nork erabakiko duen zehazten, ez da eredugarria. Jende batek informazioa eta negoziatzeko aukera izan badu eta beste batek ez, diskriminatzailea da. Gainera, erabaki garrantzitsuak dagoeneko hartuak badaude eta ezin bada alternatibarik planteatu, herritarren ahalduntzea apaintzeko erabiltzen duen prozesu telegidatu bihurtzen da.
Gezurra da lehen bileran Plan Orokorrari dagokiona garbi geratu zena, teknikariek soilik hitz egin baitzuten Europako urbanizazio moduei buruz, galdetzeko tarte laburra utziz. Hala ere, zerotik abiatzen ginela esan zen. Prozesuan erabakiak hartu ondoren, enpresa batek gaia atera zuen bere erakusleihoan Arramendin etxebizitzak eraikiko zituela iragarriz.
Gu ere bat gatoz prozesuan hartutako erabakiekin; baina Arramendin eraikitzen uzteko Udalak hartu duen erabakia beste erabakien artean sartzen saiatzea manipulatzea da, lehen erabaki adostua Arramendin ezer ez eraikitzea izan baitzen. Beteko ez den bakarra. Baten bat iritziz aldatu bada, prozesuaren ondoren izan da. Dena den, nola hitz egin daiteke gehiengoaz, Arramendi herri osoaren parkea izanik, prozesu parte-hartzailea auzo batzuetara soilik eraman bada eta hauetan guztietan ere ez bada bilera informatibo irekirik egin? Galdeketarik egin al da? Elkarteekin ateak itxitako bilera egitea datu objektiboa al da?
Azken urteetan enpresa eraikitzaileek Arramendi bereziki eraso dute, hauxe da errealitate gordina eta blindatu den bakarra parkean etxebizitzak eraikitzea izan da. Guk ez dugu uste Plan Orokorra betetze zorrotzekoa denik; baina Udalak hala uste badu, zergatik saldu dio enpresa bati berari zegokion salmenta libreko 20 etxebizitza eraikitzeko lursail publiko bat? Gainera. PO aldatu ahal bada, zergatik ez da ezer eraiki baino lehen parkea blindatu? Zergatik egon zen Lekuonan liburutegia eraikitzeko aurreko konpromisoa aldatzeko borondatea eta Arramendin ezin da? Borondateaz eta ausardiaz Arramendi parkearen aldeko aldaketak egin zitezkeen.
Gure aldetik, ezagutzen ez zen gai bat herrira zabaltzeak pozten gaitu eta Udalari Arramendin ez eraikitzeko eskaera sinatu duten 720 lagunei eta jasotzen lagundu digutenei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Santi Angulo, Errenteria-Orereta