Errefusa kopurua hirukoiztu egin da Lezon

hondakinak.lezo

Lezon Ondo Ai Ginen taldeak bidalitako argazkiak, hondakinak edukiontzietatik kanpo.

Lezon Ondo Ai Ginen taldea kezkatuta azaldu da hondakinen bereizketa datuekin. Bereizketa selektiboaren gainean Udalak dituen datuak esku artean,  hondakinen bereizketa datuek nabarmen egin dutela okerrera salatu du, eta egungo joerak etorkizun hobea ez duela erakusten-eta kezka azaldu du.

Iazko irailaren 18an jarri zuen martxan udalak bost edukiontzien bilketa sistema eta hortaz, joan den urteko urria, azaroa eta abenduko datuek berebiziko garrantzia dutela bereizketaren garapena ikusteko nabarmendu du talde lezoarrak. Lau urte atzera eginda, 2013an jarri zuen atez ateko sistema Lezoko Udalak martxan, 15 puntuan egin du behera birziklatze tasak. 2013ko urria, azaroa eta abenduan, batez beste, %86,1 birziklatu zuten lezoarrek; lau urte beranduago eta hilabete berak kontuan hartuta, %71,2 birziklatzen du udalerriak.

Datuek erakusten dutenaren arabera, Lezon Ondo Ai Ginen taldearen esnetan, okerrera egingo dute datuek aurten.

Errefusari erreparatu diote, bestalde, eta 2017ko azken hiru hilabeteetan jasotako kopurua hirukoiztu egin dela jakinarazi dute, 2013,2014 eta 2015 urteetako datekin alderatuta. “Modu honetan, Lezoko herriak urtero milaka tona gehiago bidaliko ditu zabortegi kutsakorretara. Errefusaren kasuan ere, joera argia da, gero eta errefusa kopuru handiagoa sortzea da eta aurtengo datuek ere joera bera erakutsiko digute”, salatu dute. 2013aren azken hiru hilabeteetan 51.340 kg errefusa sortu zuten lezoarrek; iazko hiruhileko berean, 194.500 kg.

Jesus Maria Martiarena alkatea egin dute egoeraren arduradun, “berak du ardura handiena, hau gertatuko zen jakitun zen, eta hala ere, bilketa sistema aldatu eta  herritarrei behin eta berriz gezurra esan dielako, bost edukiontzien sistemarekin emaitzak hobetuko zirela, alegia”.

Azken lau urtetako hondakinen bilketa datuak

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend