Goizane Aizpurua Ibañezek irabazi du euskarazko saria, eta Rafael Bravo Arrizabalagak gaztelaniazkoa.
Debara joan dira aurtengo Pasaiako Olerki Lehiaketako bi sariak. Xabier Portugal Saria, euskarazko lanen atalean, Goizane Aizpurua Ibañezentzat izan da
Afasia Airlines poema bildumarengatik, eta Altamira Puente Saria, gaztelaniazkoa, Rafael Bravo Arrizabalagak irabazi du,
Tempestad de luz lanarekin. Bi egileak debarrak dira.
Gaztelaniaz 21 poesia-bilduma aurkeztu dira aurtengo lehiaketara, eta euskaraz zazpi. Saritutako poema-bildumak liburu banatan argitaratuko ditu Bermingham argitaletxeak. Sariak asteazkenean (hilak 21) banatuko dituzte, 19:00etan, Trintxerpeko liburutegian, eta leku eta toki berean egingo dituzte bi liburuen aurkezpenak.
Epaimahaian, aurten, Nerea Beldarrain eta Irati Goikoetxea idazleak aritu dira euskarazko lanentzat, eta Elena Roman, Jesus Maria Corman eta Felix Maraña gaztelaniazkoentzat.
Ibilbide luzeko lehiaketa
Altamira Puente liburuzainak sortu zuen Pasaia Hiria Olerki Lehiaketa, 1980. urtean, Antxoko bibliotekan. Udalak hasiera-hasieratik izan zen sustatzailea, antolakuntza bera bere gain hartuta. Udalaren bultzada, urte askoan Pasaiako alkate eta zinegotzi izandako Xabier Portugalen eskutik heldu zen.
Sortu eta berehala lehiaketa Pasaiatik kanpora hedatzen hasi zen, eta gaur egun poesiaren bozgorailuetako bat da. Berrogeita hamarretik gora idazlek jaso dituzte sariak, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, eta lan guzti-guztiak argitaratu dituzte arretaz zaindutako edizioetan. 1981. urteko lehenengo bi liburuak argitaratu zirenetik gaur arte 26 liburu argitaratu dira, hamabost gaztelaniaz eta hamahiru euskaraz.