Gutuna: "Komunitate ekipamenduak eta Plan Orokorra"
Komunitate-ekipamenduak ere Hiria Antolatzeko Plan Orokorrean finkatutako helburuen artean zeuden. Atal horren barruan, planak zazpi erabilera desberdin zehazten zituen, 6. erabilera laguntzara eta bestelako erabileretara zuzenduz. Kontuan hartuta Plan Orokorrak garai horretan ekipamenduei buruz ematen duen informazioa, ondorioztatu dezakegu erabilera batez ere erlijioari eta gero hirugarren adinari –Gabierrotako zaharren egoitzari eta erretiratuen elkarteari– dagokiola. Egoera horretatik abiatuta eta dokumentuak berak dioen moduan, premiak zehatz-mehatz aztertu ondoren, Planak ulertu zuen beharrezkoa zela hirugarren adinerako ekipamendu berriak egitea, hau da, zaharren egoitza bat Arramendin, Gerontologiko bat San Markoko mendi-hegalean (San Markosene) eta beste bat Agustinetako komentu zaharrean. Zein da errealitatea? Plan Orokorra indarrean sartu zenetik zortzi urte igaro ondoren (2004) eta planean bertan aurreikusitako indarraldia gainditu zela sei urte gehiago pasatu eta gero, soilik San Markoseneko Gerontologikoa dago martxan. Zer gertatzen da beste biekin? Pentsa dezakegu egoera sozio-ekonomikoa izan dela atzerapenaren arrazoia, baina oker ibiliko ginateke. Udalak kolpe batez baliogabetzea erabaki du; jada ez daude Plan Orokorrean, azterketa sakonen ondorioz hain beharrezkoak ziren bi ekipamendu horiek. Arramendikoa beste erabilera batengatik (zuzkidura-ekipamenduak) aldatu zen 2010eko ekainean egindako Plan Bereziaren lehen xedapen-aldaketaren bidez. Agustinetako komentuarena duela gutxi aldatu da Udalak lurzoru honen jabearekin 2017ko martxoan onartutako trukearen bidez. Onartzen dugu plangintza prozesu bizia eta dinamikoa dela. Zentzu horretan, Udalaren erabakiak uler daitezke baldin eta 2017ko egoera 2002/2003koarekin alderatuta desberdina izango balitz zerbitzu horien eskaintzari dagokionez. Eta zalantzarik ez dugu aldatu dela eta pixkanaka aldatzen jarraituko duela, baina udalak egindakoaren kontrako norabidean; izan ere, Plan Orokorrak honetaz ohartarazten zuen 2004an: “Errenterian datozen urteetan nabarmen egingo du gora mendekotasuna duten pertsonen kopuruak”. Horren harira, ondorengo datuek (iturria: udala) esandakoa berresten dute: 65 urtetik gorakoak 2012an 6.736, 65 urtetik gorakoak 2016ko abenduaren 31n, 8.936. Udalak iragarri du, lehen aipatutako atzerapenarekin, Plan Orokorra berrikusiko duela, eta espero dugu berrikuspen hori aukera bat izatea gai honen inguruan udalaren jarduna aldatzeko. Dena den, ikusita aurreko Planak finkatutako zehaztapenekin gertatutakoa, ezin izango gara lasai egon ekipamenduak eraikita egon arte. Karlos Murua, Orereta.