Eskifaia gazte eta ekoaktiboa
DBHko ikasleak dira aurten ‘Mater ‘ itsasontziak urtero antolatzen duen Ekofish kanpainaren protagonistak; hondakinen arrantzan aritu dira, eta proiektuak landu eta gauzatuko dituzte
Aurtengoa esperientzia pilotua izan da, eta oso positiboa suertatu da Aurrera begira lanketa iraunkorra izan dadin lortu nahi dute antolatzaileekSuberbiolak nabarmendu duenez, modu honetan, irakasgai bat ere helarazi nahi izan diete: «Jabetzea kontsumitzaile bezala botere handia dutela. Behin bakarrik erabiltzen ditugun plastikoak ekidin, poltsak-eta adibidez, bilgarri askorekin datozen janariak erosteari utzi. Nahiz eta kontziente ez izan, kontsumitzaileok botere handia dugu. Guk ez baldin baditugu horiek erosten, azkenean enpresek ez dituzte horiek ekoiztuko ez eta merkaturatuko, eta horrela beste kontsumo eredu bat sustatuko dugu». Gazteen «antisistema» jarrera ere baliatu nahi izan dute kanpainaren bultzatzaileek, «gure kontsumo ohiturak birpentsatu eta sistema honek zabortegi batean bizitzera kondenatzen gaituela salatzeko». Zentzu horretan, «esperientzia pilotu» bat izan dela, eta «oso aberatsa» izaten ari dela baietsi du Suberbiolak. Eskifaia ekoaktiboa 15 eta 16 urte arteko gazteek lehen fasean egindako lan mardulak saria ere izan du gerora. Ingurumenarekin konprometitu diren ikasleei Mater itsasontziko eskifaiaren kide izateko aukera eskaini diete, bertan itsasoratzeko, eta bertatik itsas hondakinak arrantzatzeko. «Gure tripulazioko partaide izateko ezinbesteko baldintza horixe baita, aurrerapauso bat egin eta aldaketa gauzatu nahi izatea. Nolabaiteko sari bat da itsasontzira etortzea, konpromisoa saritzeko modu bat», azaldu du Suberbiolak. Eta horretan aritu dira ikasleak azken asteetan, itsas hondakinen arrantzan. Kanpaina, hala ere, ez da oraindik guztiz bukatu. Hirugarren eta azken fasea dute egiteke, hain zuzen ere, gauzatze fasea. Gauzatze fasean ikasleek hartu dituzten konpromisoak publiko egingo dituzte euren herriko erakunde eta eragileen aurrean. Oiartzunen, esaterako, hilaren 15ean egingo dute aurkezpena Elizaldeko eta Haurtzaroko ikasleek, udaletxean, eta maiatzean ibai garbiketa bat egingo dute ikasleek sustatuta. Horrez gain, telazko poltsen proiektu bat jarriko dute martxan Oiartzungo dendetan. Bezeroek plastikozko poltsak har ez ditzaten, ikasleek kamiseta zaharrekin poltsak egingo dituzte. «Horiek maiatzean gauzatuko dira eta ebaluatu ahal izan ditugu», aurreratu du Suberbiolak, iragarri duenez, beren asmoa delako «lanketa hau iraunkorra» bihurtzea.