Erakusketa kolektiboa egiten ari dira Merkatuzarren Zintzilik Irratia eta Arditurriko Minak elkartea. Artea eta mugimendu sozialen borroka uztartu dituzte.
Iñaki Garmendia antolatzaileetako bat erakusketako koadro baten aurrean.
Artea eta matxinada goiburuarekin erakusketa zabaldu dute Zintzilik Irratiak eta Arditurriko Minak Ingurugiro Elkarteak. Astelehenean zabaldu zituen ateak Merkatuzarren, eta hilaren 28ra arte izango da hura bisitatzeko aukera, astelehenetik larunbatera 17:30etik 20:30era. Helburua da espazio komun batean diziplina eta gizarte mugimendu ezberdinak biltzea, beren sorkuntza eta ekintzen bidez.
Artea eta matxinada lotu dituzte. Antolatzaileetako bat den Iñaki Garmendiak azaldu du horren arrazoia: «Talde sozialen eta norbanakoaren gizartearekiko barne errebolta adierazten du matxinadak. Artea, askatasun adierazpenik handiena da, eta erakusketa honetan, espazio irekian, artea eta mugimendu soziala uztartu ditugu, norbanakotik abiatuta eraikuntza kolektiboa eratzeko».
Erakusketak «goi mailako» artea ikusteko aukera eskaintzen duela nabarmendu du Garmendiak: margolanez, litografiez, zeramikaz, beira beroaz, eskulturez, argazkiez eta joskintza gaiez gozatzeko aukera dago bertan.
Ez da horretara mugatzen, ordea, artelanen erakusketa. Liburu aurkezpen eta dokumental emanaldiekin osatu baitute, beti ere, arlo soziala ukituko duten gaien lanketaren bidez: «Osagarriak dira azken horiek, baita erakargarriak ere. Ez dakigu arrazoia, baina artea ikusteko, edo hura hartzen duten aretoekiko apatia dagoela uste dugu». Azken horrekin apurtu nahi dute zehazki iniziatibaren bidez, «interakzioarekin, museo itxiaren irudia irauli nahi dugu, hura apurtu, eta herritar ororen eskura dagoen espazio irekia eskaini».
Erakusketaren protagonista, baina, artelanak dira, eta besteak beste, Bartzelonako kritikaren sariaren hautagai den Idoia Monton margolari donostiarraren Guerra margolana ikus daiteke Merkatuzarren. Errenteria-Oreretako Josemari Salaberria margolaria edo Oier Iruretagoiena eskultura egilearen lanak ere bildu dituzte bertan, beste askoren artean.
Bihar, inaugurazioa
JA Juxe Areta Goñi argazkilari oreretarraren argazkiekin atondu dute, gainera, aretoa. Horiei esker, borroka antimilitaristari begirada emateko aukera dago. 1980ko hamarkadatik orain arte argitaratutako fanzineak eta pegatinak ere bildu dituzte.
Astebete darama zabalik, baina bihar inauguratuko dute, 18:30ean. Afrobeat doinuen sortzaile izan zen Fela Kuti nigeriarraren ohorez sortutako Hang Free Syndicate taldeak emanaldia eskainiko du. Gaur bertan, berriz, Guillermo Piqueroren Mitologia salvaje liburua aurkeztuko dute 19:00etan, eta datorren astelehenetik ostiralera bitartean Danimarkako okupazio mugimenduaren esperientziaz, antiespezismoaz, edo feminismoaz hausnartuko dute dokumental emanaldien bidez. Ainhoa Ezeizaren Autogestion, autonomia e interdependencia, eta Jakue Pascualen Movimiento de resistencia. Años 80 en Euskal Herria. Contexto, crisis y punk liburuak ere aurkeztuko dituzte asteartean eta asteazkenean, hurrenez hurren, 19:00etan hasita (egitarau oso-osoa errenteria.hitza.eus webgunean kontsulta daiteke).
Artea eta matxinada bezalako iniziatibak ezinbestekoak dira Garmendiarentzat, «artea marjinala da, artista gutxi batzuk baino ez dira horretaz bizi eta gainontzekoak, lan prekarioak ematen dienaz bizi dira. Horren harira, erakusketa kolektiboak garrantzitsuak izan daitezke artisten artean harremanak sortu eta sorkuntza berrien abiapuntu izan daitezkeelako». Hori bezain garrantzitsua iruditzen zaio artea museoetatik ateratzea, «herritarren eskura jartzeko». Ez du ahaztu, noski, eraldaketa soziala, «eta halako iniziatibak urrats bat dira bide horretan».
Merkatuzarrera hurbiltzera animatu du jendea Garmendiak, «denbora hartu eta gozatu bildu dugunarekin, asko dago ikusteko, eta guztiak merezi du».