Gaurtik zuzendaritza berria du Touring Kirol Elkarteak. Bazkideen gehiengoak Touring Berria plataforma babestea erabaki du.
Ehun bazkidetik gora hartu zuten parte atzoko Touringen ezohiko batzarrean.
Gaurtik zuzendaritza berria du Touring Kirol Elkarteak. Orain arte elkartea kudeatu duen zuzendaritza taldeak Touring Berria plataformak aurkeztutako zentsura mozioari egin zion aurre atzo, eta bazkideen gehiengoak plataforma berria babestea erabaki zuen. Emaitza ikusgarria izan da, gainera, ezohiko batzarrera gerturatutako bazkideen %81,3k babestu dute Touring Berria plataforma.
Paco Arrillaga, orain arte lehendakaria izan denaren taldeak, berriz, %16ko babesa lortu zuen, eta %1,86ak txuri bozkatu zuen.
Gaurtik hasita, beraz, honakoa izango da Touringen zuzendaritza talde berria: Asier Yerobi Zapirain proposatu dute lehendakari; Iñaki Oyarbide Arizmendi lehendakari ordea; Joseba Etxeberria Gerendiain, diruzaina; eta Juan Carlos Arbelaitz Villaquiran, Andoni Ayestaran Razquin, Juan Manuel Alvarez Martin, Francisco Javier Guemes Hilera, eta Santi Viejo Fernandez, bokalak.
Proiektu berria, energia berriak eta ilusioa; gauzak egiteko beste eredu bat da Touring Berria plataformak aurkezpen agerraldian eskaini zuen proiektua: emakumeen kirola sustatuko duena, euskarari garrantzia emango diona, gardena eta parte hartzeari ateak zabalduko dizkiona. Xabier Egibar plataformako ordezkariak aurkezpen ekitaldian azaldu zituen duten proiektuaren nondik norakoak, ez dira esku hutsik aritu, eta plan estrategikoa garatu dute kluba indartzeko asmoz: “Kudeaketa eskuratzen badugu, lehen lana klubaren egoera aztertu eta neurri urgente batzuk hartzea izango da: datorren urtea ongi planifikatu, eta jokalari eta entrenatzaileen estruktura sendotzea. Hori eginda, urte amaieran, plan estrategikoa bazkide, guraso eta jarraitzaileekin partekatu nahi dugu eta ekarpenak jaso. Kluba sendotu behar dugu eta hortik aurrera eraiki beste guztia, eta horretarako ezinbesteko da birdefinitzea kirol eredua eta kudeaketa egitura, Touring XXI. mendeko kluba egiteko”.
Kluba euskalduntzea da plataformaren beste erronketako bat, eta lehentasuna, “barne harremanetan zein kanpo harremanetan eta zer esanik ez zelaietan. Kirola euskaraz egin behar dugu, euskaldundu. Ardura bat dugu eta erantzun egingo diogu”.
Touringeko zuzendaritza eskuratuta, kudeaketatik bertatik lanean hasteko garaia heldu zaio plataformari.