Soberakinetik hainbat proiektu aurrera eramateko aurrekontuaren aldaketa egitea aztertu zuen plenoak astearteko saioan.
Aurreko pleno baten irudia.
PSE-EEren jarrera “ulertezina” zaiola esan du Errenteria Irabaizek. Pasa den asteartean egindako osoko bilkuran EH Bilduk eta Errenteria Irabazizek osatutako gobernu taldeak aurrekontuaren aldaketa proposatu zuen, proiektu berriak egin ahal izateko. Horretarako 1.285.820 euroko diru zatia gehitzea eskatzen zuen proposamenak: “Erabaki garrantzitsua zen, egungo korporazioa egiten ari den kudeaketa egokiaren ondorio”. Proposamenak aurrera egin zuen Irabaziz eta EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin eta PSE-EEren kontrako botoarekin.
Alderdi sozialistaren kontrako botoa “ulertezina” zaiola esan du Irabazizek, “ez zuen inongo momentuan bozkaren gaineko azalpenik eman. Ez zuten ezertxo ere esan. Are gehiago, hilaren 18an egin zen antolakuntza batzordean abstentzioaren alde egin zuen, eta sei egun beranduago kontra bozkatu dute. Ez dugu ulertzen zer gertatu den sei egunetan bozka aldatzeko”.
Irabazizek ez ulertzea ez zaiola axolako gaineratu dute, “baina errenteriarrek azalpen bat merezi dutela uste dugu. Gure herriko jende gazteak merezi du Errenterialan programan 23.630 euro gehiago inbertituko direlako, Beraungo kultura etxean 85.000 euro, Pontikan aparkaleku proiektua idazteko 200.000 euro. Bizilagun horiek guztiek merezi dute jakitea zergatik PSE-EEk egin duen inbertsio horien kontra plenoan”. Horiekin batera, Fanderiako Errotan interpretazio zentroan egingo den inbertsioa, Emakumearen Etxea , edota Galtzaraborda eta Fanderiako kiroldegietan egingo diren hobekuntza lanak aipatu ditu Irabazizek. “Errenteriarrek jakin behar dute, horiei guztiei ezetza eman diela PSE-EEk. Ulertezina”.