Lezok, ostiraletik, arte eszenikoetara batez ere bideratutako lokala du. Bertan egingo dituzte entseguak herriko talde eta eragileek.
Ostiraleko inaugurazioaren une bat.
Ostiralean inauguratu zuten Kale Nagusiko kultur lokal berria. Udal ordezkariak, lokalaren erabiltzaileak eta herritarrak izan ziren areto berriaren estreinaldiko ekitaldian. Denak pozik azaldu ziren azpiegitura berriarekin. Urtarrilean hasi zituzten egokitzapen lanak, eta bi aste dira ia erabat bukatu zutela.
Behin zinta moztuta, Murixkako kideek dantzaldia eskaini zuten. Desfile Taldekoek ere ekarpena egin zioten irekierari, irudi bidez. Hala, alkateak bere hizketaldian nabarmendu zuen udalak herriko eragileei eta taldeei eremu egokia eskaini nahi izan diela, “beren behar eta eskariak kontuan hartuta garatu zen proiektua, eta taldeekin partekatu zen”. Herriko eragileen jarduna sustatzea udalaren lehentasuna da, alkatearen arabera, “herriari bizitza ematen baitiote eta haien lanari esker lezoarrek kultur jarduera askoz gozatzeko aukera dute”.
Desfile Taldeko kideek ere hartu zuten hitza ostiraleko ekitaldian. Udalak herriko ondare kulturalaren sustatze eta defentsan adierazitako konpromisoa eskertu zuten, baita udal teknikarien lana nabarmendu ere: “Lokalak zentzu askotan Lezoren antza du: ez da handia, baina benetan ederra da. Ez da perfektua, baina esfortzu handiz egin da”.