Errenteriako eta Pasaiako Ahal Duguk bat egin du igandean Jaizkibelgo eremu militarraren kontra Oarsoaldeko 30 eragiletik gora deitu duten mendi martxarekin.
Ez da zaila mendian topatzea militarrek erabilitako munizioa.
Errenteriako eta Pasaiako Ahal Duguk bat egin du igandean
Jaizkibelgo eremu militarraren kontra Oarsoaldeko 30 eragiletik gora deitu duten mendi martxarekin. Hirugarren ekitaldia izango du mendi martxak eta 09:30ean irtengo da Lezoko Gurutze Santuaren plazatik. Oarsoaldeko herritarrak martxarekin bat egitera deitu ditu, gainera, Pasaia eta Errenteriako Ahal Dugu alderdiak, “apirilaren 27an Espainiako Gobernuak Errege Dekretua sinatu zuen Jaizkibel “defentsarako interes nazionaleko eremu” izendatuz, eta ezin dugu gure ingurunearentzat erasoa suposatzen duen izendapen hori besterik gabe ahaztu”.
Eremu hori babes bereziko gisa izendatuta dagoela nabarmendu du, halaber, “eta tiro-eremuak babestutako eremuaren %15,5 hartzen du”. Espainiako Gobernuak sinatutako dekretua “kezkarekin” hartu dutela erantsi du Ahal Duguk, “horren arabera, Jaizkibelen 371 hektarea Defentsa Ministerioaren menpe gelditu dira, eta defentsarako interes nazionalak interes publiko eta pribatuaren gainetik jarri ditu. Hainbat eragilek, militarrek lanak egin dituztela Jaizkibelen baimenik eskatu edota ingurumen inpaktu azterketarik egin gabe, salatu berri dutenean heldu da dekretua”.
Horrenbestez, Jaizkibelera egingo duten martxara batzera deitu dituzte herritar guztiak, “Jaizkibel defenditzera, gure eremu berdeak defenditzera”.