Mailaz igotzeko kanporaketa asteburu honetan hasiko du Allerruk Tolosa Bren kontra. Ez da, ordea, lezoarrek igotzeko duten aukera bakarra.
Allerruko jokalariak, Plazetan gol bat ospatzen. Argazkia: Esteban Mitxelena.
Ezin dute hutsik egin. Ez dute hutsik egingo. Ligan bigarren izan ondoren, Allerruren gizonen talde nagusiak Erregional Preferentetik Ohorezko Erregionalera igotzeko kanporaketa jokatuko du hurrengo bi asteburuetan Tolosaren bigarren taldearen kontra. Lehen partida etzi (larunbata) dute, Tolosako Berazubin 16:30ean. Bueltakoa hilaren 26an da, Plazetan. Kanporaketan irabazle izatea mailaz igotzeko aukera zuzena da, baina beharbada zailena. Izan ere, badago beste aukera bat, errazagoa agian. B plana ere badu Allerruk.
Konfiantza osoarekin egingo dio aurre Allerruk Tolosaren kontrako kanporaketari. Iaz, egoera berberean izan ziren lezoarrak, baina
Urolaren kontrako igoera kanporaketan ez ziren garaile atera, eta beste urtebetez Gipuzkoako bigarren ligan aritu dira. 2017/18 sasoian oso fin ibili dira ligan berriz ere Allerrukoak, igoera jomugan. Aurten bai igoko direla, ziur.
Tolosa talde gaztea da, hango lehen ekiporako jokalariak prestatzeko plataforma. Allerru ere talde gaztea da, baina badu eskarmentua, adibidez, iaz igoerako kanporaketaren atakan izan zelako. Kanporaketa paretsua da. Allerrutik esan dute ez dutela Tolosa asko ezagutzen, baina kanporaketara iritsi bada, zerbaitengatik izango dela.
Esanda dago. Kanporaketa gaindituz gero, Gipuzkoako ligarik nagusienera igoko da Allerru. Baina badute igoerarako beste bide bat.
B plana
Allerruren igotzeko A plana kanporaketa gainditzea da. Hori haien esku dago. Baina lezoarren esku ez dagoen beste bide bat ere badute gora jauzia egiteko. Izan ere, Tolosaren talde nagusia Ohorezko Preferentean ari da lehian; goiko postuetan dago. Hortaz, 3. Mailara igotzea ez badute lortzen, Tolosa Bk ezingo luke igo Ohorezko Preferentera, klub berbereko bi taldek ezin dutelako jokatu maila berdinean.
Eta B plana asteburu honetan bertan atera daiteke ondo: Ohorezko Erregionaleko Ordizia taldeak puntu bat lortzen badu, Allerru mailaz igota legoke. Izan ere, maila horretan Ordizia eta Tolosaren puntu aldea Berazubiko taldearentzat kontrakoa da nabarmen; puntu horrekin, eta liga hori bukatzeko partida baten faltan, Tolosa Ak ez luke aukerarik igotzeko, beraz, Tolosa Bk ezingo luke lehen taldea dagoen mailara joan. Lezoarrak, ordiziar izango dira igandean, pixka bat bai behintzat.
Kalkuluak ondo aterata dituzte Allerrun. Eta Ordiziak igandean jokatuko duen partidaren zain daude, irrikitan. Tolosa Bren kontrako kanporaketa bukatu baino lehen egon daitezke lezoarrak maila bat gorago. Pena, mendekosteen bukaeran izango litzatekeela balizko igoeraren ospakizuna, igande arratsean. Baina tira, ospakizunetarako edozein tarte izan daiteke ona, adibidez, hurrengo asteburuan Tolosa Bren kontrako partida, Plazetan.
Allerru: aurten bai.