Pilotariak, partida bukatuta, haurrei pilotak sinatzen.
Eguraldiak ez du lagundu gaur goizean eta gris antzera hasi da Euskal Jaia Oiartzunen. Emarriren erakustaldia 12:00etarako iragarrita zegoen baina ordu horretan izan diren euri zaparradak tarteko, bertan behera utzi behar izan dute.
Handik gutxira, zorionez, atertzen hasi da, eta atertzearekin bat hasi da girotzen plaza ingurua. Azokan erosketak egiten batzuk, pilota partidekin gozatzen beste hainbat eta, azkenik, txistularien laguntzaz dantzara animatu denik ez da falta: eskaintzan familientzat erromeria.
Arratsaldean Sagardo Festa
Egunak, hala ere, luze joko du gaur Oiartzunen. Arratsaldean XXIX. Sagardo Eguna izango da, eta ateri eusten badio, ziurra da girorik ez dela faltako. Antolatzaileek lan mardula egina dute aurrez dena ongi irten dadin, eta sagardozale mokofinenak asetzeko moduko eskaintza prestatu dute. Baleio eta Ordo-zelai (Oiartzun); Larrarte, Lizeaga, Oialume-zahar, Oiarbide eta Petritegi (Astigarraga); Otsua-enea eta Larregain (Hernani); Otegi (Lasarte-Oria); Linddurrenborda (Lesaka); Elutxeta (Urnieta)?eta Aginaga (Usurbil), horiexek gaur arratsaldean Oiartzunen izango diren sagardogileak.
Eta sagardoa laguntzeko, bertsolariak, dantzaldia eta bestelako kultur ekitaldiak ez dira faltako.
Egitaraua
- 16:30ean: Kuadrillategiko gazteek antolatuta, pala txapelketa eta euskal karaokea Haurtzaro Ikastolan.
- 17:00etan: Haur jolasak eta txokolate jatea Euskal Herria plazan.
- 17:30ean: Olarri herriko dantza taldea herriko plazan.
- 18:00etan: Sagardo dastatzearen hasiera, bertsolariekin.
- 19:00etan: Ibargain musika eskolako ikasleen ikasturte bukaerako kontzertua, Elorsoro kiroldegian.
- 20:30etik 21:30era eta 23:30etik 01:30era: Iratzar taldearekin, dantzaldia.