EH Bildu eta Pasaiak Ahal Duren aldeko botoekin atera da aurrera mozioa; PSE-EE eta EAJ abstenitu egin dira.
Gaia ez da berria baina gaurkotasuna du berriro ere, eta atzoko plenoan jazotakoak horren erakusgarri. Gai zerrendan Ulian hiri-parke segurua antolatzeko eskatuz mozioa, 30 kolektibotik gora babestua, eta Pasaiako pleno aretoan, eztabaidarako prest, mozioaren defendatzaileak batetik, eta ehiztariak bestetik, Ulian ehiza babesten duen epai bat badela gogorazteko.
Donostiako eta Pasaiako udalak Uliako Plan Berezia idazten ari dira, eta eskualdeko kolektibo ekologista, kirol elkarte eta askotariko eragileen multzo batek (ikus zerrenda mozioan) indarrak bildu dituzte, Ulian arriskutik libre egongo den aisialdi gunea bat berma dadin eskatzeko.
Mozioaren testua ez zen atzo talde politiko guztien gustukoa izan. PSE-EE eta EAJ abstenitu egin ziren, baina mozioak, hala ere, aurrera egin zuen EH Bilduren eta Pasaiak Ahal Duren aldeko botoei esker.
Gai zerrendan bigarren mozio bat ere bazen, enplegu zentro berezituak aldarri, Arraztalo eta Aldura elkarteek bultzatuta, eta hura ere aurrera atera zen boto berberekin; PSE-EE eta EAJren abstentzioak eta EH Bilduren aldeko botoak.
Elkarlanerako proposamena
Galdera eta eskaeren txandan, EH Bilduk proposamen bat luzatu zion Udal Gobernu Taldeari. Koalizio abertzalearen ustez, Pasaiako Itsas Festibalean agerian geratu da txalupa zerbitzuak duen garrantzia barrutien arteko loturarako, eta aurrerantzean norabide horretan elkarrekin lan egiteko luzatu zioten eskua Izaskun Gomez alkateari.
Norabide beretik, San Pedroko Arraunlari kalea oinezkoentzat izan dadin lanean jarraitzeko eskatu zuen EH Bilduk. Lonjaren afera konpondu bitartean behin betiko irtenbidea zaila dela aitortuta, norabide horretan aurrera urratsak egiteko eskatu zuten, tarteko irtenbideak indarrean jarriz, Bou Nabarra aparkalekuaren behin betiko zabaltzea adibide.
Azkenik, Trintxerpen, aparkatzeko egoiliarrentzako sistema martxan jartzeko eskatu zuen EH Bilduk, Antxon eta San Pedron aurreko legealdian egin antzera.
7. Ulia mozioa