Sistema aldatzeak 439.000 euroko balantze positiboa utzi dio momentuz udalari gaurko agerraldian jakinarazi dutenez.
Txaskok eta Collarrek aparkamendu arautuko sistema berriaren lehen balorazioa egin dute.
Apirilaren 3an jarri zuen martxan udalak aparkamendu arautuko sistema berria, aurretik subkontratatutako enpresek ematen zuten zerbitzua publifikatzea erabaki ondoren. Bi hilabete pasa direnean, haren gaineko balorazioa egin dute Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar Kultura zinegotziak. Arrakastatsua, horrela definitu dute sistema berria, eta Txaskok hainbat datu eskaini ditu: “gaur egun 2.392 egoiliarrek eskatu dute zerbitzua, eta apirilean 32.960 pertsonek erabili zuten”.
Sistema berriak, aplikazio bidez ordaintzeko aukera eskaintzen die erabiltzaileei
El parking mugikorrerako aplikazioaren bidez, aplikazio hori erabiltzen dutenen kopuruak ia %100 egin du gora. Aplikazio horrek aukera ematen die erabiltzaileei ibilgailuaren matrikula mugikorraren bidez balidatzeko parkimetroak erabili gabe. Gainera, tasaren ordainketa denbora errealean egokitzea dute aplikazioa erabiltzen dutenek autoa aparkatuta dagoen lekutik kentzerakoan. Aplikazio berak, bestelako zerbitzuak txertatzeko aukera emango duela zehaztu du Txaskok, “kaleko nahiz aparkalekuetako plaza libreei buruzko informazioa sartzeko, adibidez”. Beste datu bat ere eman du Txaskok, tasaren ordainketa helbideratu duten egoiliarren kopurua: %87.
Sistema berriak, bestalde, lehenengo 15 minutuetan zerbitzua doan erabiltzeko aukera ematen du, eta joan den hilabetean 4.463 erabiltzailek baliatu dute egoera hori.
439.000 euroko balantze positiboa
Arrakastaz jarri du martxan udalak zerbitzu berria, eta arlo ekonomikoari erreparatu dio Collarrek. Izan ere, sistema aldatzeak 439.000 euroko balantze positiboa utzi dio momentuz udalari gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, “aurreikuspena da urte amaierarako 800.000 eurokoa izatea balantze positibo hori. Diru hori datorren urteetan ere pilatuko litzateke, eta udalerri osoan hobekuntzak eta inbertsioak egiteko erabiliko du udalak”.
Diru kontuetan balantze positibo hori zerk eragin duen ere azaldu du Kultura zinegotziak: “Lehen titulaziorik behar ez zituzten lanpostuetan udaleko administrazio langileenak baina soldata askoz ere altuagoak ordaintzetik, zeregin berak udal langileek bere funtzioen barruan egitera pasatu gara orain”.
Balantze ekonomiko positibo horrek auzoetako udaltzainen eredua zabaltzen jarraitzeko balioko duela bestalde, esan du Collarrek, “auzo batzarretan behin eta berriz ateratzen den eskariari erantzuteko. 2013an jarri zen martxan sistema hori, eta oso harrera ona izan du herritarren artean”. Horri erantzuteko duela hilabete batzuk jarri zuela udalak abian agente berriak kontratatzeko enplegu eskaintza publikoa erantsi du, “amaitzekotan da prozesu hori eta 11 agente txertatuko dira plantillan beharrezkoak baitira azken urteetan hainbeste ugaritu diren kultura, kirol eta eragileen jarduerei egoki erantzuteko”.
Sistema aldaketak zerbitzuaren tasan ere izan du eragina, erabiltzaileen aldekoa, egoiliarren kasuan. Urte osoko tasa 47 eurokoa zen iaz, eta aurten urte osoko tasa 38 eurokoa da, %20 jaitsi da, beraz, tasa hori.