Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrari buruzko liburua idatzi dute David Zapirain eta Ramon Aizpuru historialariek; konpainiari baino, hura osatu zuten pertsonei erreparatu diete
David Zapirainek eta Ramon Aizpuruak atzo aurkeztu zuten Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarraren gaineko liburua, Donibaneko Ubera bibliotekan.
Pasaiako historiari buruzko bilduma da Sorginarri, eta ia ezinbestean jaso behar zuen Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarrari buruzko argitalpen bat. Atzo aurkeztu zuten bildumaren bederatzigarren zenbakia, Donibaneko Ubera Bibliotekan, konpainiak bere garaian egoitza zuen orubetik oso gertu, Donibaneko Bizkaia Plazan.
Kakaoaren ibilia: Pasaia mundu-ekonomian Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren bitartez izenburupean idatzi dute liburua David Zapirainek eta Ramon Aizpuruak. Historialariak dira biak, lehena pasaitarra eta bildumaren koordinatzailea, eta bigarrena Venezuelan hazitako unibertsitateko irakaslea, sortzez euskalduna.
Ikerketa lan handia egina du aurretik Aizpuruak Caracasko Errege Konpainiaren gainean, eta horregatik jo zuen harengana David Zapirainek, XVIII. mendeko Pasaian hain garrantzitsua izan zen enpresaren historia osatzeko pertsona egokiena zela erabat sinetsita.
Pasaiako ikuspuntutik landu du liburua Zapirainek, eta Venezuelan izan zuen eraginaren gainekoak bildu ditu Aizpuruak, bien artean lanaren ildo nagusia osatzeko. «Datu baseak elkartrukatzen hasi», eta hor hasi zen lana mamitzen. «Gipuzkoarraren joan-etorriak ikertu ditugu bi ertzetatik, konpainia ahaztuta. Marinelak, haien senideak, lehorrean geratzen zirenak, zihoazenak, itzultzen ez zirenak, hiltzen zirenak… eta gauza harrigarriak topatu ditugu, horietako batzuk liburuan jasoak», kontatu du Aizpuruak.
Konpainiak Pasaian sortutako giroa, eta ekonomia mota hark pasaitarrengan izan zuen eragina aztertu du Zapirainek, eta gauza bera Aizpuruak, baina, Venezuelako ikuspuntutik.
Berehalako arrakasta
Liburuaren azaleko irudia da. ‘Fragata eraikitzen’ izenekoa. (Album del Marqués de la Victoria. 1719). Untzi Museoa, Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia.
1728. urtean sortu zuten Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra, eta Pasaiako portutik, lehen ontziak Venezuelako La Guairara 1730eko uztailaren 15ean abiatu ziren. Enpresak oso azkar lortu zuen arrakasta. «Konpainia komertziala zen eta dirua egitea zuen helburu, baita lortu ere», ohartarazi du Aizpuruak. «Espainia kolonialaren garaian arrakasta izan zuen konpainia bakarra» izan zela azaldu du ikerlariak: «Inbertsoreak asko aberastu zituen, zuzendariak zer esanik ez, baina baita marineletako asko ere».
Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren sorrerarako akordio bat egon zen, Espainiako erregearen eta enpresa sortu zuen gipuzkoar aberatsen artean, Aizpuruak jakinarazi duenez, XVIII. mendearen hasieran artilearen merkatuan izan zen gainbehera konpentsatzeko. «Boterea eman zieten Venezuelatik ekartzeko orduko komertzio espainiarrak behar zuen kakaoa, eta Venezuelako kreoleak behar zituzten lehengaiak eramateko». Ordura arte herbeheretarrek zuten merkatu horren jabetza, eta ordutik aurrera «etsai intimoak» bilakatu zirela baieztatu du Aizpuruak, konpetentzia izanagatik ere, biak bizi zirelako, batez ere, kontrabandoaz. «Txanpon beraren bi aldeak» zirela argi du Venezuelako historian adituak.
Gakoa, kontrabandoa
La Guairako portura iristen ziren Pasaiako ontziak.
Konpainia gipuzkoarrak Venezuelara «arropa, telak, lanabesak, irina eta bestelakoak eraman zituen eta handik, batez ere, kakaoa ekarri», Aizpuruak kontatu duenez. Baina konpainiaren «neurrigabeko aberastasun» horren guztiaren gakoa, gaien salerosketatik harago, kontrabandoa zela oso argi dute bi historialariek.
«Kontrabandoa zen Gipuzkoarraren izateko arrazoia. Ontziak hain gainkargatuak etortzen ziren, bidean galtzeko arriskua izaten zutela, baita hondoratzekoa ere», kontatu dute. Kontrabandoan, gainera, denak aritzen omen ziren, «marinel xumeenak, baina batez ere, funtzionario eta zuzendariak» . Garai hartan karga pisuaren arabera kontrolatzen zutela azaldu dute ikerlariek. «Ontziak 100 tona eraman behar bazituen 120 edota 130 garraiatu ohi zituen, eta soberan ziren 20 edo 30 tona horiek, Pasaia, Kadiz, Guaira edo Puerto Cabello portuetatik irteten ziren ezkutuan, zegokionari ordainduta».
Konpainia Euskal Herriak sekula izan duen enpresarik handiena izan ote den galdetuta, baieztapena ezbaian jarri dute adituek, baina, aitzitik, galdera bera beste itsasertzera begira egitean Aizpuruak argi du: «Venezuelak bai. Konpainia Venezuelara iristen denean izugarrizko boterea du. Enpresaren eskariz gobernadoreak izendatzen dira, baita herrietako agintari asko eta asko ere. Eragina berehalakoa izan zen, ikaragarria».
Aizpuruak jakinarazi duenez, Venezuelan egin beharreko lanak egiteko «Gipuzkoarrak esklaboak hartzen zituen alokairuan», eta lan horiei esker, «esklabo askok urtebetean bere askatasuna erosteko aukera» izan zutela gaineratu du. «Oso arrunta zen hori, ezin konta istorio daude antzekoak», baieztatu du.
Esklaboek, gainera, jabeen abizenak hartu ohi zituzten askatasuna lortzean. «Horregatik gaur egun Venezuelan badira beltz ugari euskaldun abizenekin. Gipuzkoarraren esklaboak izan ziren, edota Venezuelan geratu ziren marinel edo burokraten oinordekoak».
Sei hilabete eman ohi zituzten konpainiaren ontziek Venezuelan, eta bitarte horretan, hango kontrabandoa borrokatzen aritzen ziren ontzi euskaldunak. «Sei hilabeteko tarte horietan sortzen diren istorioak dira guk liburuan jaso ditugunak», zehaztu dute egileek.
Izan ere, konpainiarekin batera Venezuelara jende asko iritsiko da: «Goi mailako funtzionarioak, baina baita beste asko ere». Aizpuruak kontatu duenez, okinak orduan ezagutu zituzten Venezuelan, konpainiak okindegiak antolatu zituelako han.
«Kontrabandoa borrokatzera ateratzen ziren ontziak elikatzeko bestelako enpresak antolatzen zituzten: okindegiak, harategiak, ospitaleak… guztiak euskal pertsonalarekin hornituta».
Herrietan inbertsioak
Caracasko Errege Konpainiaren egoitza La Guairan.
Gipuzkoarraren onurek herrietan ere izan zuten eragina. «Orduan egin ziren inbertsio asko gaur egun oso historikotzat ditugun eraikinetan», nabarmendu du Zapirainek. «Diru amerikarrarekin egindako eraikinak dira San Pedroko eliza, adibidez, baina baita Donostiako Santa Maria eliza ere».
Donostiako elizako lanak nola finantzatu zituzten ere badakite historialariek: «Konpainiaren bidez iristen den kakao fanega (50 kilo ditu fanega bakoitzak gutxi gorabehera) bakoitzari, bi peso deskontatzen zitzaizkion elizako lanak finantzatzeko», zehaztu du Aizpuruak.
«Donibaneko Arizabalo ere, garai hartakoa da eta han atrakatzen zuten konpainiako barkuek», jarraitu du Zapirainek. Gaur egun Pasaiako udaletxea da Arizabalo jauregia.
Eraikinei ez ezik, konpainiak erabiltzen zituen ontzien kalitateari ere erreparatu diote historialariek. Flota oso handia zuen konpainiak. 80 ontzi izatera ere iritsi omen zen.
«Harrigarria» deritzo Zapiranek ontzien kalitate teknikoari, «kontrabandoaren gainkargak eusteko ez ezik, gerrarako ere oso ontzi eraginkorrak zirelako».
«Guk dakigula konpainia gipuzkoarra izan zen lehen enpresa ikuspuntu komertzial batetik ontzi eraginkorrak eraikitzen», nabarmendu du Aizpuruak. Antonio de Gastañeta mutrikuarraren ekarpena izan zen hori. «Ontzi hibridoak ziren, onak komertziorako eta onak borrokarako, eta hori funtsezkoa zen, Gipuzkoarraren ontziak herbeheretarren kontrabandoa saihestera doazelako Venezuelara».
Eredu aldaketa
Bat-bateko hazkunde ekonomiko hark, baina, izango ditu, ezinbestean, ondorioak. «Mentalitate aldaketa» bat sortu zuela uste dute: «Jendeak utziko dio tradizionalki egin izan duen lana egiteari, errentadunen bizimodua imitatzeko». Eta horrek ordura arte indarrean zen sistema ekonomikoa errotik aldatuko du, «jendeak nahiago duelako mailegua eskatu eta negozio bat zabaldu, langile edo arrantzale izan baino».
Zapiraini ematen dio horrek zer pentsa: «Airean gelditzen den galdera da, ia zenbateraino balio duen prozesu horrek guztiak gaur egungo prozesu migratzaileak ulertzeko. Ia zenbateraino ez ote den ari gaur egungo migratzaile pakistandarra eskema hura errepikatzen, azken finean, horiek ere migranteak zirelako».
Konpainiak«heriotza naturala» izan zuela uste dute Zapirainek eta Aizpuruak. Filipinetako Konpainian berregituratu zen 1785 urtean, baina porrot egin zuen, «orduan hasi zelako garatzen gaur egun ere nahikoa gaurkotasuna duen eztabaida: zer den protekzionismoa, zer den liberalismoa, estatuaren papera…». Izan ere, atzera begira jarrita, ohi bezala, zenbat istorio, hainbat galdera.