Eskaera zehatza egin du Duintasunak, pentsio duin baterako eskubidea eta lan zein pentsio erreformak bertan behera uztea.
Hamarnaka lagunek egin dute bat Duintasunaren deialdiarekin.
Duintasunak berriz ere hartu ditu kaleak gaur, hileko lehen astelehenarekin batera. Eskaera, pentsio duin baterako eskubidea eta lan zein pentsio erreformak bertan behera uztea. Nekea eta ezinegona areagotzen ari dela pentsiodun eta erretiratuen artean murrizketen aurrean esan dute manifestazioan abiatu aurreko elkarretaratzean. Murrizketa horiek, gainera, biztanleriaren sektore zabal eta bereziki ahulenak kaltetzen dituztela nabarmendu dute, eta onartezintzat jo dute Espainiako Estatuan 13 miloi pertsona ia txirotasunean bizitzea.
Azken datu horrekin hausnarketarako deia egin du Duintasunak, “ez legoke gaizki gure buruari galdetzea zer egin dugun gaizki, edo zer ez dugun egin arestian aipatutakoa gerta dadin”. Azken hamar urtetik milioika pertsonek eskasia jasaten dutela salatu du, eta horren erantzule PSOE, PP eta EAJ egin ditu, eta argi esan du, gaur egun, ez zaiela nahikoa 10 edo 20 euroko igoera, “ez da nahikoa eta pentsiodunen mugimenduak ez du bere burua salduko diru apur baten truke, eskubideak eta konpromisoak nahi ditugu, gaurko asea, biharko gosea izango delako”.
Dagoeneko gogorra den pentsiodun eta jubilatuen egoerari, kasu askotan seme-alaben egoera gehitu behar izaten diotela erantsi du Duintasunak, “lanik gabe, edo kontratu behin-behinekoak, soldata eskasak, ordu pila lantokian…”. Instituzio eta gobernu “batzuei” jendearen interesetan ez aritzea egotzi die, “erdipurdiko gobernatzaileak ditugu kasu askotan, beren buruarekin baizik pentsatzen ez, edo, okerrena, nola lapurtu pentsatzen ari direnak. Oso urruti daude gizarte demokratiko baten errealitate berria gobernatzen jakitetik”.
Bozka ez eskatzeko eskatu diete jubilatu eta pentsiodunen “aldarrikapen justuak” babesten ez dituzten politikoei, azkenik: “Gaurko egunean egiten dugunaren araberakoa izango da pentsio publikoen geroa. Direnak direla gobernatzaileak, gu gara pentsio publikoen defendatzaileak”.
Hurrengo hitzordua pentsioen alde, uztailaren 2an.